Memoria historikoa kalean jolasean landuko dute Irungo bigarren hezkuntzako ikasleek

Irungo bigarren hezkuntzako ikasleek hiriaren historia modu berritzaile eta aitzindarian landuko dute: Escape Street bat eginez. Jardueraren helburua DBHko laugarren mailako ikasleak memoria historikoaren inguruan kontzientziatzea da, logika, orientazio eta abileziako jokoen bidez. Gaur aurkeztu da hirian egiten den era honetako hirugarren egitasmoa. Bertan izan dira Nuria Alzaga Memoria Historikoko ordezkaria, Gorka Añibarro Euskapeko jabea eta Eguzkitza BHIko ordezkariak.

Irungo Udaleko Memoria Historikoko ordezkariaren hitzetan, «Irungo Udalarentzat, garrantzitsua da Irungo historiaren pedagogia egitea. Hiriko gazteenek ere jakin behar dute nondik gatozen, eta zer garrantzi izan zuen Irunek gerra zibilean, gerraostean eta frankismoan».

Jokoan hiriko intereseko zazpi gune bildu dira. Zuzeneko lotura dute memoria historikoarekin, leku bakoitzean iraganean gertatutakoen berri emango baita. Intereseko gune batetik bestera pasatzeko, bizkortasun, logika eta abilezia mentaleko zenbait proba gainditu beharko dira, betiere hiriaren historia pedagogikoki ikasteko asmoz.

Hauek dira joko egiteko aukeratu diren zazpi lekuak: Zentro errepublikanoa, Irungo kasinoa, Irungo Udaletxea, Olaberriko kanala, Maritxu Anatol kalea, Gal estadioa, Avenida nazioarteko zubia.

Escape street

Escape street formatua oso interesgarria da, escape room ibiltari moduko bat delako. Hiria edo herria bera baliatzen da jokoa girotzeko kokagune gisa, eta parte-hartzaileek asko eskertzen duten mugikortasuna eta dinamismoa izaten ditu. Helburua da parte-hartzaileek beren ohiko inguruneari buruz ikastea eta beste modu berri batean ikustea inguru hori aurrerantzean.

Saioak ekainean egingo dira, eta hiriko bi ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleek parte hartuko dute. Alde batetik, Eguzkitza BHI eta, bestetik, Toki Alai ikastetxea. Saioak ekainaren 11n, 13an, 18an eta 20an egingo dira, eta guztira 172 ikaslek parte hartuko dute. Zazpi saio egingo dira, eta bakoitzak bi ordu iraungo du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude