Datorren urriaren 19an, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen duen Ekoetxea Txingudik bat egiten du Hegazti Migratzaileen Mundu Egunarekin, “Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna: mugak zeharkatzen” esperientziarekin. Jarduera, ASTEKLIMA 2024ren lehen asteburuan, Euskadiko Klima eta Energiaren Astean, kokatzen da.
Hori dela eta, Ekoetxea Txingudik Gorka Gorospe ornitologo ezaguna gonbidatu du, 10:30etatik aurrera Natura 2000 Sarearen parte den Plaiaundi Parke Ekologikoan hasiko den esperientzia koordinatzeko.
Hegazti migratzaileen kontserbazioa hainbat herrialdetan bultzatzen duen ekimen global honen helburua hegazti hauek aurre egin behar dieten erronkei buruzko kontzientzia areagotzea eta mundu mailan kontserbazio ekintzak sustatzea da.
2024ko kanpainaren ardatza intsektuak dira, eta hegazti migratzaileen elikadura-katean duten funtsezko zeregina nabarmentzen da. Intsektuak, hegazti-espezie askorentzat, bizi-iturri izateaz gain, ekosistemen osasunari ere laguntzen diote, landareak polinizatu eta materia organikoa deskonposatzen baitute. Habitat galerak eragin zuzena du hegazti migratzaileengan, eta premiazkoa da kontserbazio-ekintzak egitea.
Asteklima 2024
Euskadiko Klima eta Energiaren Astea urriaren 18tik 27ra egingo da, “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntzarekin.
Klima eta Energiaren Euskadiko Astearen bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Ekimen hau 2019ko martxoan sortu zen, herritarrak klima-aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalarekiko kontzientziatzeko eta mobilizatzeko.
Euskadi 2024 Klima eta Energiaren Asteko jarduera guztiak Asteklima webgunean kontsultatu daitezke.