Txingudiko Zerbitzuek poltsa konpostagarriak banatzeko makina berri bat jarri du martxan Irungo Emigrazio Eraikinean, edukiontzi marroirako poltsak eskuratzeko zerbitzua hiriko auzo gehiagotara hurbiltzeko helburuarekin. Gailu hau udalerrian instalatzea aurreikusita dauden hiru makina berrietatik lehena da.
Beste biak jartzen direnean, Irunek bost puntu izango ditu guztira poltsak banatzeko; izan ere, 2018az geroztik martxan dauden beste bi makinei gehituko zaizkie (Junkal kaleko Txingudiko Zerbitzuak-en bulegoaren kanpoaldean eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren —SAC— kanpoaldean daudenak, biak eguneko 24 orduetan erabilgarri).
Aurreko bi gailuak ez bezala, Emigrazio Eraikinean kokatutako makina berria eraikinaren ohiko irekiera-ordutegiaren barruan erabili ahal izango dute herritarrek. Zehazki, goizez astelehenetan eta ostegunetan egongo da eskuragarri, 09:15etik 13:00etara bitartean, eta arratsaldez astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:30era.
Sistema erraz eta doakoa
Poltsa konpostagarrien sorta bat eskuratzeko sistema erraza eta doakoa da: erabiltzaileek edukiontzi marroia irekitzeko baliatzen duten txartela —Bidasoa txartela edo Irun Txartela— makinaren irakurgailura hurbildu besterik ez dute egin behar, eta bost astean behin sorta bat hartzeko aukera izango dute. Poltsa horiek etxean hondakin organikoak (hala nola fruta, barazki, haragi eta arrain hondarrak edota prestatutako janariaren soberakinak) behar bezala bereizteko eta ondoren edukiontzi marroira botatzeko erabiltzen dira.




