Irunen Inauteri giroa nabari da jada

Amaitu berri den asteburuan Irunen Inauteri ospakizunekin loturiko lehen ekitaldiak egin dira. Kaldereroak zein Inude eta Artzainen desfileak jende asko bildu zuten Irun erdialdeko espaloietan. Ostegunera arte Irungo Inauteriak hasiko ez badira ere, lehen ekitaldi hauek argi utzi dute hiria mozorro eta festa gogoz dagoela.

Kaldereroak izan ziren larunbatean Inauterien etorrera iragartzen lehenak, Irungo Atsegiña elkarteak egindako deiari erantzunez. Mailuekin zartaginak kolpatuz eta zintadun panderoak astinduz Inauterien gertutasunaren berri eman zieten ibilbidea ikustera hurbildu zirenei.

Igandean, berriz, inudeek eta artzainek Irungo kaleak dantzan zeharkatu zituzten. Panpinak astinduz, Eraiki dantza taldeko kideek eta lagunek Belle Epoque- ko bizimodua irudikatu zuten Zabaltza plazan dantzatutako errepresentazioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude