Irun hiriko Junkal kalean, 18. zenbakian, badago leku bat askorentzat oharkabean igarotzen dena, baina barnean lau hamarkadako bizipenak gordetzen dituena. Lagun Artean elkartea ez da soilik bazkide talde baten topalekua; Irungo trantsizio sozialaren eta belaunaldi arteko erreleboaren lekuko bizia da. Gaur egun, 30 bazkiderekin, elkartea garai berrietara egokitzeko erronkan murgilduta dago, bere nortasun hurbil eta familiarra galdu gabe eta hiriaren euskararen sustapenerako Kalean Bai programako kide delarik.
Elkartearen sorrera 1982. urtean kokatzen da. Orduko gazte belaunaldi batek elkartzeko espazio baten beharra ikusi eta Junkal elizaren ondoko lokal bat hautatu zuen. Leku hark istorio berezia zuen, lehenago parrokiako medikuaren dispentsarioa izan baitzen. Urtebete baino gehiagoz auzolanean eta obretan aritu ondoren, 1984ko abenduan inauguratu zuten ofizialki. Iñaki Goikoetxea egungo bazkideak gogorarazi digun bezala, hasierako 21 bazkide haiek elkarteari izena ematen dion “lagun arteko” giro hori sortu zuten. Lau hamarkada geroago, historia errepikatzen ari da: sortzaileen seme-alabek hartu dute lekukoa, elkarteari bizitasun berria emateko asmoz.
Garai berrietara egokituz
Urte askotan zehar, Lagun Artean elkartea ezaguna izan da Irungo Jaietan antolatzen zuen margo eta pintura lehiaketagatik. Junkal elizaren inguruan egiten den ekimen honek 30 urteko ibilbidea izan du elkartearen ardurapean, pandemiak eta finantziazio arazoek etenaldia eragin zuten arte. Gaur egun, Udalak kudeatzen duen arren, elkartearen asmoa da etorkizunean berriro indarrak batzea antolakuntzan laguntzeko.
Hala ere, begirada ez dago soilik iraganean. Belaunaldi berria sartzearekin batera, elkartea teknologia berrietara moldatu da: wifia instalatu dute, telebistan futbola ikusteko aukera dago eta ordainketak transferentzia bidez egin daitezke. Horrekin batera, Instagram kontua sortu dute elkartea hirira zabaltzeko eta bazkide berriak erakartzeko.
Elkarteen atmosfera asko aldatu da azken urteotan. Lehen, gizonezkoen koadrilak sukaldatzeko eta tragoxka batzuk hartzeko elkartzen ziren gehienbat. Gaur egun, gazteagoek elkartean kontsumitu arren, sarritan kanpoko janari prestatua ekartzeko joera dute. Aldaketa horiei erantzuteko, elkarteak erraztasunak eman dizkie 18 urtetik gorako bazkideen seme-alabei ere, espazioaz gozatzeko aukera emanez. “Uste dut elkarte guztiek erronka berdina dugula, are gehiago txikiak garenok: belaunaldi berriak jaso eta jende berriari harrera egitea”, azaldu du Goikoetxeak. Horregatik, elkartea ezagutu nahi duen edonorentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu du.
Elkartearen arima
Kalean Bai programako kide gisa, elkarteak konpromiso irmoa du euskararekin. Bazkide guztiek hizkuntzarekin harreman estua ez duten arren, barne zein kanpo komunikazioan bi hizkuntzak erabiltzeko ahalegina egiten dute. Goikoetxearen hitzetan, elkartea “jende euskaldunarekin harremantzeko gune bat” ere bada, askotan aurreiritziak apurtu eta euskaraz aritzeko espazioak sortzen baitira.
Elkarte handien masifikazioaren aurrean, Lagun Artean elkarteak hurbiltasuna eskaintzen du. “Gurea elkarte txikia izateak zerbait berezia ematen dio; etortzen zarenean giro lasaia eta familiartekoa topatzen duzu”, gehitu du. Izena bera ere hortik dator, lagun koadrila batek sortutako proiektu bat delako.
Etorkizunera begira, helburu nagusia egoera apur bat egonkortzea eta elkartera batu den belaunaldi berriaren artean lanak banatzea da. Antolakuntza berria finkatu ondoren, elkartea berriro “kanpora begira” jarri nahi dute, lehen bezala jarduera kulturalak antolatzen jarraitzeko. Junkal kaleko altxor txiki honek bizirik eta aktibo jarraitu nahi du Irungo bihotzean.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



