Martindozenea gazteentzako erreferentziazko gune izaten jarraituko du

GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria arloak azterlan tekniko bat jarri du abian, Elizatxo etorbideko 18an dagoen Martindozenea gunean ekosistema gazte bat diseinatzeko.

Espazio horretan zer egin litekeen aztertuko du azterlanak, hau da, gazteek zer eskatzen duten gehien eta udalaren ekipamendua nola egoki litekeen gerora egin daitezkeen programa eta jardueretara.

Gaur egun, Martindozenea eraikinean, Gazteleku zerbitzua dago nerabeentzat, eta tarteka, gazteagoentzako jarduerak ere antolatzen ari dira. Gaztelekuarekin bat etorriz, arloak espazio bat sortu nahi du, askotariko programak eta jarduerak garatzeko. Programa horien ardatzak aisia, berrikuntza, talentua, sorkuntza, balio soziala eta tokiko komunitatea izango dira, eta 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatuko dira.

Arloko ordezkari Santi Jimenezek nabarmendu duenez, “azterlan hau garrantzitsua da Irungo gazteentzako zerbitzuak hobetzen eta zabaltzen jarraitzeko”. Horrela, bada, udal-arduradunak berretsi egin du arloak gure hiriko gazteekin duen konpromisoa.

Gainera, etorkizuneko ekipamenduak Co-Living kontzeptua jasoko du. Hala, bertan egoitza-programak, trukeak edo topaketak egitea aurreikusten da, gaua igarotzeko modua eskainita.

Hiritik At bertako enpresaren eskutik eman ditu lehen urratsak azterlanak. Hiritik At enpresa horrek mota horretako espazioak kudeatzeko eta diseinatzeko azterlana egiteko gaitasun teknikoa eta parte hartzea bultzatuz esku hartzea konbinatzen ditu.

Diagnostikoaren lehen fasearen bidez, gazteen, udal-teknikarien, bitartekarien eta arloko udal-zerbitzuetako hezitzaileen iritzia jasotzen ari dira, eta baita inplikatutako gizarte-eragileen ekarpena ere.

Era berean, inkesta bat jarri da abian Gazteria Zerbitzuaren Instagrameko kontuaren bidez, Irungo gazteek iritzia eman dezaten, eta interesak eta kezkak ager ditzaten.

Sare sozialak izango dira parte hartzeko modu bat, baina, horrez gain, martxoaren 29an eta apirilaren 5ean bi saio presentzial egingo dira, eta haietan nahi duten gazte guztiek parte hartu ahal izango dute. 18:30etik aurrera izango dira, Martindozenea gunean bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude