LEIRE BAÑOS, Realeko futbol jokalaria: “Partidu guztiek dute berezia den zerbait”

Argazkia: Estudio Gover

Leire Baños futbol jokalari irundarra 11 urterekin hasi zen futbolean jolasten Irungo Dunboa-Eguzki taldean. Hiru urteren ostean, garai hartan sortutako Irun-Artia taldean jolastera pasa zen. 16 urterekin Oiartzun taldean jolasten hasi zen eta urte bat eman zuen bertan Realaren deia jaso zuen arte.

Nola erabaki zenuen zeure bizitza futbolera jolastera dedikatu nahi zenuela?
Jolasten hasi nintzenean ez nuen espero Realera iristea. Nire buruan sartzen ez zen arren, urteak aurrera egin ahala egindako ibilbidea ikusita, gauzak etortzen dira eta denborarekin helburuak lortu ditzakezula ikusten duzu.

Nolakoak izan dira aurre-denboraldiko prestaketa lanak?
Aurre-denboraldiko prestaketa lanak beti gogorrak dira. Entrenamendu asko izan ditugu, baina, entrenamendu onak egin dira. Liga asteko gogo asko dauzkagu.

Orain arte lortutako emaitza positiboak liga on bat egiteko lagungarriak izango zaizkizuela uste duzu?
Bai, egia esan, orain arte lortutako 7 puntuek konfiantza handia ematen digute. Talde gaztea garen arren, orain arteko partiduetan erakutsi dugu gauza onak egiteko gai garela.

Zer behar da denboraldi on bat egin ahal izateko?
Partiduetara intentsitatearekin ateratzea funtsezkoa da denboraldi on bat egin ahal izateko. Intentsitatea edukita jokoa ondo ateratzea erraza da, hori asko entrenatzen baitugu. Intentsitatea partidu guztietan mantentzen saiatu behar gara.

Denboraldi berrian, zein uste duzu direla taldearentzako aurkari indartsuenak?
Beti bezala, goiko postuetan dabiltzan taldeak: Barça, Atletico Madril edo Athletic taldea bezalakoak. Egia esan, emakumezkoen futbolean maila igo da eta, ondorioz, ez dago partidu errazik.

“Realarekin bizitako momentu guztiak politak dira niretzat”

Zein helburu dauzkazue denboraldi amaierari begira?
Gorago gelditzea da beti, ahal den neurrian, helburu nagusia. Nahiz eta talde gaztea izan, gora iritsi eta gauzak politak lortzeko aukera dauzkagula uste dut.

Zein izan da orain arte futbolean bizitako unerik bereziena?
Zaila da momentu bakarra aukeratzea. Realarekin bizitako momentu guztiak politak dira niretzat. Partidu guztiek dute berezia den zerbait. Espainiako Selekzioarekin jokatutako Europeoak oso bereziak izan dira, irabazi ez genituen arren, bi kasuetan finalera iristea lortu genuelako.

Emakume eta gizonezkoen futbolaren artean desberdintasunak ikusten dituzu?
Emakume eta gizonezkoen futbolaren artean aldeak daudela argi dago. Gu teknikoagoak gara eta haiek fisikoki gogorragoak dira. Hala ere, jendea gu ikustera etortzea oso garrantzitsua da, guk ere futbolean jolasten dakigula konturatzeko.

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude