Bukaera ikusgarria eman dio Real Unionek 2014. urteari. Sailkapeneko bigarren tokian utzi du liga Eguberrietako etenaldiaren aurretik. Federazio Kopan, final zortzirenetarako txartela eskuratu du. Bi lehiaketak kontuan hartuta, azken hamabost partidetatik bakarra galdu dute txuribeltzek, Ligan eta Kopan jokalari ezberdinak aritu diren arren. Emaitzen bolada ikusita, etenaldia desorduan iritsi dela pentsa daiteke. Aitor Zulaika entrenatzaileak, berriz, uste du gustura hartu dutela: “Ondo etorri zaigu arlo fisikoan eta mentalean indarberritzeko”.
Real Unionen inguruko jende gehienarentzat ezustekoak izan dira taldearen bilakaera eta urtearen azken txanpan lortu duen lehiakortasuna. Logikoa da, gogoratuta nolakoa izan zen 2014aren lehen erdia. Auzi ekonomikoak eta zuzendari-tzaren eta presidente ohien arteko lehiak klubaren irudiaren gainbehera ekarri zuten. Kirol arloan ere eragina izan zuen egoerak, eta azkenaurreko jardunaldira arte sufritu behar izan zuen taldeak mailari eusteko. Hartu zuen norabidea kontuan hartuta, denboraldiak amaiera ona izan zuela esan daiteke. Zaleek Sergio Franciscoren taldearekin bat egin zuten, Fuenlabrada gainditu eta Unionek 2.B mailan jarraituko zuela ziurtatzeko.
Uda ere gorabeheratsua izan zen. Iñaki Berruetek kirol zuzendari postua uztea erabaki zuen, eta klubak Sergio Franciscori jakinarazi zion ez zuela taldea entrenatzen jarraituko. Aitor Zulaika aukeratu zuen klubak hura ordezkatzeko, eta lantaldea osatzen hasi zen azpeitiarra. Eskaera argia egin zuen entrenatzaileak: “Uztailetik aurrera, jendeak Real Unionen inguruan futbolaz bakarrik hitz egin dezan nahi nuke”. Baina taldeak aurredenboraldiari hasiera eman zion aste berean, greba mugagabeari ekin zioten klubeko langileek, hemezortzi hilabeteko soldata eskatzeko. Negoziazioak burutu ondoren, klubak hi-tzartutakoa bete zuen. “Zintzilik geratu diren gauzak itxi egin behar ditugu, denboraldi berriari hutsetik heltzeko”, adierazi zuen orduan Ricardo García presidenteak.
Garapen etengabea
Zulaikak eskatu eta Garcíak konfirmatutakoa bete egin da orain arte. Futbola izan da hizpide nagusi 2014aren bigarren erdian. Itxura ona zeukan jokalari taldearekin ekin zion entrenatzaileak denboraldi berriari. Aurreko sasoiko oinarria mantendu zuen, eta hurbileko jokalariak bilatu zituen taldea osatzeko. Gipuzkoarrak eta nafarrak dira gehienak. Jokalari gazteen “futbol gosea” nahi zuela adierazi zuen Aitor Zulaikak. Baina jokalari beteranoen “esperientzia” eta “lasaitasuna” ere beharrezkoak zirela gogoratu zuen. Kosta egin zitzaion, hala ere, jokalari sorta horrekin talde sendoa osatzea. Lehen zortzi jardunaldietan, jokoan zeuden hogeita lau puntuetatik zortzi besterik ez zituen bildu Real Unionek.
Amorebietan lortu zuten txuribeltzek e-txetik kanpoko lehen garaipena. Hortik aurrera, ia geldiezina izan da Real Union. Defentsako lana hobetu dute irundarrek batez ere: “Xehetasun batzuk kenduta, taldea ondo ari zen lehiatzen. Aldagela seguru zegoen lanarekin”, gogoratu du Iosu Esnaola atzelariak. Jon Tena atezainaren ekarpenarekin, hiru gol besterik ez ditu jaso Unionek azken zortzi jardunaldietan. Hogeita lautik hogeita bat puntu eskuratu dituzte txuribeltzek. Jaitsiera postuen inguruan ibiltzetik, ia sailkapenaren burura iritsi da Zulaikaren taldea. Pozik dago entrenatzailea hobekuntzarekin. Baina ez du jarrera konformistarik edo gehiegizko lasaitasunik nahi. “Urtarrilean sei partidu dauzkagu”, gogoratu du. Astez aste eta egunez egun lan egiteko filosofia mantendu nahi du Aitor Zulaikak: “Ametsak zaleen esku utziko ditut”.