Urtarrilaren 17tik aurrera Via Irun proiektuari buruzko erakusketa ikusgai egongo da Txanaleta plazan

Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die Via Irun proiektuaren lehen faseari buruzko erakusketa bat irekiko dela datorren asteartean, hilak 17. Proiektu horren xedea da Irungo trenbide inguruko espazioa berritzea, eta urrian egi zen eremu horren (76.000 m2) plan orokorraren hasierako onespena. Erakusketa Txanaleta plazan egongo da, «kristalezko eraikina» deitutakoan, eta 18:30etan irekiko da.

Erakusketa hau etorriko den guztiaren parte bat baino ez da. Dudarik ez egin, proiektu erabakigarria izango da hiriaren historian. José Antonio Santano Irungo alkateak esan duenez, «Via Irun inoiz ikusi ez den bezala ikusiko dugu, eduki zinez berritzaileak eta erakargarriak izango ditugu eta, haiei esker, etorriko dena ulertzen hasiko gara. hasteko, nazioarteko geltoki berria: gure hiriarentzako izugarrizko iraultza ekarriko du. Ekimen hau, gainera, ezinbestekoa da, trenbidearen inguruko plan orokorraren hasierako onespena jendaurrean jartzeko».

Ibilbide bat erakusketan barrena
Erakusketa lau aretotan banatzen da, eta azken emaitza erakusten du, askotariko piezen eta ikus-entzunezko elementuen bidez. Hasteko, hall handia dugu. Hor, lerro kronologiko interaktibo baten bidez, hiriko trenbide inguruaren historia ezagutuko dugu, baita 2011tik izan duen bilakaera ere.

Jarraian, informazio-aretora sartuko gara. Bertan, informazio-panelen bidez, antolamenduaren datu esanguratsuenak azalduko dira, bai eta aurrerapen-dokumentuan definitutako helburuak ere.

Ondoren, teknologia berritzailez hornitutako areto interaktibora joango gara. Bertan, 3D-ko mapa interaktibo bat dago, onartutako dokumentuaren datu teknikoak emateko, bai eta errealitate birtualeko esperientzia bat ere, geltoki berrian murgiltzeko aukera emango diguna.

Horrez gain, behatoki bat ere izango dugu. Areto hori antolatzen ari den espazioaren parean dago eta, leihoak erabilita, egungo eta etorkizuneko eraikinak erakusten dira. Gainera, bisitariek etorkizuneko eremua esploratu ahalko dute, inguru guztia eskala murriztuan erakusten duen QR kode baten bidez.

Via Irun, etorkizuneko bidea
Via Irun 2011n jarri zen martxan, hainbat erakundek protokolo bat sinatuta, eta aurten hasiko dira lehen lanak, zehazki, nazioarteko geltoki berriarenak, ADIFen eskutik. Aurrekontua ia 70 milioi eurokoa izango da eta, horrela, Irungo historiako inbertsio publikorik handiena izango da, eta bultzada handia emango dio Via Irun proiektuari. Horri esker, garapen sozial eta ekonomikorako bidea zabaltzen jarraituko dugu, hiriaren etorkizuna markatzeko.

Erakusketaren ordutegia
Erakusketa irekita egongo da datozen asteetan, ordu hauetan: asteartetik ostiralera 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta larunbat eta igandeetan 10:30etatik 13:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude