40 urte bete dira Eraiki dantza taldeak lehen Puxka Biltzea antolatu zuenetik

Zaldun Inauteriarekin batera, Eraiki dantza taldeak Puxka Biltzea antolatzen du urtero. Hortaz, otsailaren 10eko goizean taldeko dantzariak San Martzial menditik abiatu ziren goizeko 9:00etan. Ibilbidea ohikoa izan zen, Bidasoa eta Behobia auzoetako baserrietan barrena. Puxka Biltzearen 40. urteurrena ospatzeko 90 dantzari inguruk parte hartu zuten.

1984. urtean antolatu zuen Eraikik Puxka Biltzea lehen aldiz, dantza taldea sortu eta 6 urtera. Taldearen dantza saio kopurua handitzeko asmotik sortu zen,  iraganean Inauterietan Meakako dantzariek auzoan egiten zutena berreskuratu nahian. Horretarako, Meakako kideekin bildu ziren Eraikikoak Puxka Biltzeaz gehiago jakin nahian.Bentheonea baserrian, orduan Eraikiren egoitza zenean, informazioa partekatzeko bilera egin zen. Horrela, taldeak ohitura berreskuratu eta Bidasoa eta Behobia auzoetara zabaldu du ordutik.

1984an arratsaldez egin zen bakarrik Puxka Biltzea eta orain batez ere goizean zehar egiten den ibilbidean bihurtu da. Aurtengoan Iturri Ederreta, Patrixi, Erkaiztegi, Lastaola, Gomizenea, Beko-Erreka, Señoriotz, Urketegi, Lau Haizetara, Larralde Enea, Zinko Enea, Puntxaseko gasolindegia, Bottene eta Faisan ostatuan geldialdiak egin ziren.

Eguraldiak ordea, ez zuen Eraikiren Puxka Biltzearen urteurren borobila galdu nahi izan. Izan ere, euri zaparradek noizbehinka lurra eta dantzariak busti zituzten. Horregatik, txintxarri eta kolore gorri eta urdinetako zintez gainera, euritakoak ere Eraikiren 40. Puxkan ezinbestekoak izan ziren.

Hala ere, dantzariak zintadun jantziekin ibili ziren baserriz baserri zintzarriekin udaberriari deika. Oparotasunaren bila baserrien atarian erratza pasa eta fandango eta arin-arinak dantzatuz ospatu zituzten Eraikikoek Inauteriak. Trukean baserritarrek emandako puska bildu zuten, hau da, arrautzak, txorizoa edo gozoak, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude