Maila handian dabil Amets Maiztegi mendi-eskian

Open Altitoy-Ternua lasterketa irabazi du Amets Maiztegi irundarrak, Uxue Fraile donostiarrarekin bikotea osatuta. Pirinioetan egiten diren mendi-eski probetan ezagunena da Altitoy. Luz Saint Sauveurren jokatu dute, martxoaren 8an eta 9an. Euskadiko Txapelketa ere irabazi du aurten bikoteak. Neguko denboraldi bikaina egin ondoren, eskiak alde batera utziko ditu laster Maiztegik, bizikleta hartzeko edo zapatilak janzteko.

amets2

Hirugarren aldiz irabazi du Amets Maiztegik Altitoy proba. Bigarrena du segidan. Aurrekoetan Nahia Quincoces mendexarra izan du bikote, eta aurten Uxue Frailerekin aritu da. Bi eguneko mendi-eski proba da Altitoy. VIII. edizioan, Midi de Bigorre tontorra eta Luz Ardiden eski estazioko harana zeharkatu behar izan dituzte. Egun bakoi-tzean 2.000 m-ko desnibel positiboak gainditu dituzte parte-hartzaileek. “Alpeetan jokatzen diren proba handiagoen mailara iristen ari da. Asko gogortu dute Altitoy”, baieztatu du Amets Maiztegik. Aurkaririk ez dute izan, ordubeteko abantaila atera diotelako hurrengo emakumezko bikoteari. Maila handia eman dute, hala ere. Probaren ezaugarriak azaldu ditu Maiztegik: “Elkarlan handia eskatzen du bikotekideen artean. Oso harreman polita sortzen da, komunikazioa ezinbestekoa delako, denbora guztian”.
Txikitatik eskiatu izan du Amets Maiztegik. Gurasoekin eski alpinoan ibiltzen zen pistetan. Beste kirolak ere probatu zituen gaztetxoa zenean. Atletismoan ibilia da, krosetan eta pistan lehiatzen. Unibertsitatea amaituta, eskiaren mundura hurbildu zen berriro. “Trabesia (mendi-eskia) ezagutu nuen ondoren, eta materiala erostea bururatu zitzaidan. Lagunekin eta mutilarekin hasi ginen, gure kasa, trabesiako ibilbideak egiten”, gogoratu du Maiztegik. Interneten saltsan zebilela, Altitoy probaren berri izan zuen. Aitarekin izena eman zuen, lasterketaren nondik norakoak gehiegi azaldu gabe. “Beranduago konturatu ginen astakeria zela”, onartu du, barrez. Gipuzkoako Mendi Federazioak antolatutako ikastaro batean parte hartzea erabaki zuten, mendi-eskian lehen urratsak emateko. Parte-hartzaileak adinaren arabera banatu zituztenez, Nahia Quincoces ezagutu zuen Amets Maiztegik.
Selekzioko arduradunak bikotea osatzea gomendatu zien, neska gutxi izaten direlako mendi-eski probetan. Arrazoia eman dio Maiztegik: “Nesken parte-hartzea oso eskasa da kirol honetan. Ezezaguna delako, edo exigentzia maila oso handia delako. Gure urteroko aldarrikapena izaten da”. Hortaz, aitak Nahia Quincocesekin trukatu zuen izenematea. Urte hartan denbora kontrol zorrotzak jartzea erabaki zuten Altitoy probako antolatzaileek, eguraldiaren baldintza txarrak zirela eta. “Bukatzear geundenean, probatik kanpo utzi gintuzten. Gehiago entrenatzeko, eta hurrengo urtean bueltatzeko esan ziguten”, azaldu du Amets Maiztegik. Hala egin zuten. Bueltatu soilik ez, proba irabazi zuten urtebete geroago. Aurrerantzean, elkarrekin entrenatzen eta lehiatzen aritu ziren Maiztegi eta Quincoces, bigarrenak urrats bat gehiago eman zuen arte. Espainiako Kopan lehiatzen ari da orain buru belarri.

Eskakizun handiko zaletasuna

Neguan zehar ibiltzen da Amets Maiztegi mendi-eskian. Berarentzat kirol erakargarria dela azaldu du: “Naturaz askatasunean gozatzeko aukera handia ematen du. Gainera, ez da eskia bakarrik. Oso kirol fisikoa da, iraupena eta indarra lantzen dira. Baina teknika ere ezinbestekoa da”. Material ugari behar izaten da mendi-eskian lehiatzeko: eskiak, botak, kaskoa, bastoiak, eskien behealdean i-tsasten diren foka larruak, motxila, babeserako tresnak, edari eta elikagaiak. “Garestia da materiala, eta pixkanaka eskuratzea komeni da”, azpimarratu du Maiztegik. Materialak adinako buruhausteak ematen dizkio entrenamenduak. Elurra urrun dauka, eta asteburuetan baizik ezin izaten da hurbildu. Astean zehar entrenamendu fisikoa egiten du, mendian korrika, edo bizikletan. Aurten ezohiko aukera izan du. Nahikoa elur izan denez, Aloña Mendin entrenatu ahal izan du, lantokitik hurbil. Oñatiko eskola batean dabil Amets Maiztegi, Gorputz Hezkuntzako irakasle. Kirola du, beraz, afizio eta ofizio

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude