Alazne Cienfuegos, Behobia-Donostia lasterketako parte-hartzailea: “Nire helburu nagusia korrika noanean karreraz gozatzea da”

Ezkerretik eskuinera, senarra (Mikel Zapirain), Alazne Cienfuegos, aita (Higinio Cienfuegos), ahizpa (Iratxe Cienfuegos) eta familiko lagun bat (Aitor Martínez).

Alazne Cienfuegosek 47. Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuen lehen aldiz. Hortik aurrera, eta ama izan ostean, aita, ahizpa, senar eta lagunekin korrika eginez edo laguntzaile bezala aritu da lasterketan. Azaroaren 11ean laugarren urtez egingo du Alaznek Behobiatik Donostiarako bidea, oraingoan, Iratxe ahizparen konpainiarekin.

Nolakoa izan zen Behobia-Donostia lasterketan zure lehen parte-hartzea?
Oso esperientzia polita. Ohiko korrikalari izan gabe, baina, behar bezala prestatuta egonda egin daitezkeen lasterketen artean, Behobia-Donostia lasterketa popular politena dela esango nuke.

Laguntzaile bezala era ezberdinean bizitzen da lasterketa?
Laguntzaile moduan aritu nintzenean Ibon Runers Time taldearen barnean nengoen jada eta bertan ikasitakoa eta lortutako esperientzia oso lagungarria izan zitzaidan korrikalariei nola lagundu behar nien jakiteko. Hala ere, batzuetan kanpotik barrutik baino gehiago sufritzen da.

“Batzuetan kanpotik barrutik baino gehiago sufritzen da”

Bizipen bereziren bat izan duzun urterik gogoratzen duzu?
Ez berezirik, urte bakoitza berezia baita. Seme-alabak eduki ostean eta berriro ere distantzia horretan korrika egiten hasten zarenean oso hunkigarria da. Nire helburu nagusia korrika noanean karreraz gozatzea da.

Gogor entrenatu behar da horrelako lasterketa bat prestatzeko?
Gogorra baino, entrenamendua konstantea izan behar da. Irailean entrenatzen hasi eta lasterketa amaitzea posiblea da, baina, fisikoaren mesederako, periodikotasun baten barnean entrenatzea egokiagoa da.

Zein da lasterketako unerik politena zuretzat?
Irundarra naizenez eta lasterketa nire auzotik pasatzen denez, bertan senideak ikusten ditudanean oso une polita da. Hala ere, Pasaiako portuan lan egiten dut nik eta inguruan lankideak animatzen ikustea oso pozgarria da ere.

“Ez dago Behobia-Donostia bezalako animoa duen lasterketarik”

Eta unerik gogorrena?
Donostian Miracruz gaineko aldapa igotzea. Bukaezina suerta daiteke aldapa hori. Gaintxurizketa igotzea, berriz, errazagoa iruditzen zait kilometro hori irteeratik gertuago dagoenez, freskoago zaudelako.

Zer sentitzen da Donostiako helmuga zapaltzerakoan?
Emozio handia, baina, baita bide osoan zehar ere. Ez dago Behobia-Donostia lasterketa bezalako animoa duen beste probarik. Lasterka zoazela ezinezko da gelditzea, ia tarte guztietan animatzen zaituen jendea dagoelako. Pixkanaka kilometroak antzean uzten zoaz eta, konturatzerako, helmuga begien aurrean daukazu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude