Eraiki Dantza Taldea otsailaren 20an Irunen ospatuko den Iñudeen eta Artzaien konpartsa antolatzen hasi da dagoeneko. Desfilearen nondik norakoak zehazteko asmoz, taldeak bilera bat egingo du urtarrilaren 16an Behobiako auzo elkartean eguerdiko 12:00etan. Bertan, dantzariek Eraiki taldeak antolatutako ekitaldian izena emateko aukera izango dute eta konpartsa osatzen duten pertsonaiak banatuko dira.
Iñudeen eta Artzaien eguna otsailaren 20an ospatuko da aurten Irunen, ohiko moduan, Iñauterien aurreko igandean. Hain zuzen ere, aurten 25 urte beteko dira Eraiki dantza taldea konpartsa hori antolatzen hasi zenetik. Urtero moduan, Irungo kale nagusiak zeharkatzen dituen desfile honetan adin guztietako dantzariek parte hartu ahalko dute.
Iñudeak eta artzaiak ez dira desfileko pertsonai bakarrak izango. Izan ere, medikuak, erizainak, apaizak, alkateak, baserritarrak eta bestelako pertsonai osagarriak ere ezinbestekoak baitira. Urtarrilaren 16ko bileran konpartsan izena emateko epea irekiko da eta inskripzioa desfilean parte hartzeko interesa duten pertsona guztientzat zabalik egongo da, bai pertsonai zein dantzari gisa.
Gainera, gogoratu beharra dago bileran Covid-19aren zabalpena ekiditeko beharrezko neurri guztiak hartuko direla, bertaratzen direnen eta antolatzaileen segurtasuna bermatzeko.