Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da, Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1948. urteko egun horretan aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpenarekin bat etorriz. Urteurren horren harira, Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren arloak jarduera programa bat prestatu du.
Gaur goizean xehetasunen berri eman du Giza Eskubideen arloko ordezkari Gorka Álvarezek, programan parte hartzen duen Ayudemos a un niño elkarteko Dionisio Horrillorekin batera.Zehazki, arloak bi proiekzio antolatu ditu Amaia Kultur Zentroan, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
Bi filmak doan eskainiko dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapenak lortzea. Pertsona batek lau eska ditzake gehienez, Luis Marianoko turismo-bulegoan (Luis Mariano plaza, 3), astelehenetan 15:30etatik 19:00etara eta asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etatik 19:00etara. Gainera, udalaren webgunean ere lor daitezke.
Gorka Álvarez ordezkariaren esan duenez, “Irungo Udalean pertsona guztien duintasunaren, berdintasunaren eta justiziaren alde dugun konpromiso irmo eta negoziaezina berretsi nahi dugu”. Balio horiek herritarrei eramateko beharra azpimarratu du ordezkariak, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako kultura indartzeko. “Irundarrok ere babestu behar ditugu batzen gaituzten eta gizarte gisa definitzen gaituzten eskubide horiek”, azaldu du Álvarez ordezkariaren.
‘El 47’
Lehen proiekzioa abenduaren 10ean bertan eskainiko da, Giza Eskubideen Egunean, ‘El 47’ filma eskainiko baita 19:00etan. 2025eko Goya sarietan Film Onenaren Saria irabazi zuen. Film horretan oinarrizko zerbitzuak izateko eskubidea aldarrikatzen da, desberdintasun sozialak eta gizarteko bazterketa erakusten dira, komunitatean indarra eta elkartasuna nabarmentzen dira eta erresistentzia eta ekintza ez-biolentoak babesten dira.
Sinopsia: Disidentzia baketsuaren eta auzotarren mugimenduaren bidez, 1978an Bartzelona goitik behera eraldatu zuen eta bazter-auzoen irudia betiko aldatu zuen istorioa kontatzen du filmak. Manolo Vital autobus-gidariak 47. lineako autobusa bahitu zuen Udalak behin eta berriz esaten zuen gezurra desmuntatzeko: autobusek ezin igo zitzaketela Torre Baró barrutiko aldapak. Errebeldia keinu hori aldaketaren katalizatzaile izan zen: pertsonak beren sustraiez harrotu ziren, auzotarren borroka piztu zen, baita 70eko hamarkadako Bartzelona modernoa sortzen lagundu zuten langileena ere.
‘Terra Willy, planeta ezezaguna’
Astebete beranduago, abenduaren 17an, Eric Tostiren ‘Terra Willy, planeta ezezaguna’ filma proiektatuko da, 18:00etan. Familia guztiei zuzenduta dago, 6 urtetik gorako haurrentzako film egokia da eta. Pelikulak lantzen dituen gaien artean daude dibertsitatea errespetatzea eta aurrejuzgurik ez izatea, laguntasunaren garrantzia, lankidetzaren beharra, beldurrari aurre egitea eta elkarrizketa lehenestea, guztia ere umorearen, abenturaren eta kolore bizien bidez.
Sinopsia: Espazio-ontzia kiskali ondoren, Willyk ez dauka modurik ordura arte espazioko bidelagun izan dituen gurasoekin kontaktuan jartzeko. Ihes-kapsulak esploratu gabeko planeta basati batean lur hartu du. Buck biziraupen-robotaren laguntzarekin, Willyk babesa bilatu du, norbait bera erreskatatzera etorri bitartean. Bitartean, Buckekin eta Flash izeneko lagun estralurtar berri batekin batera, planeta horretako flora eta fauna esploratuko ditu… baita zenbait arrisku topatu ere.
Erakusketa CBAn
Proiekzioez gain, CBA liburutegian ikusgai egongo da erakusketa bat: ‘Haurrak eta gatazka belikoak. Gerran bakerako hezten’, Ayudemos a un niño elkarteak antolatuta abenduaren 15 eta 22 bitartean. Irekita egongo da astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara eta larunbatean 9:00etatik 13:00etara.



