Ostegun honetan, Irungo Udaleko Kontsumoko ordezkari Sergio Javier Alzagak, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko arduradun Mikel Zabaletarekin batera, Bulegoaren 2023ko jardunaren balantzea egin du.
Alzagak Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren lana nabarmendu du: “Zerbitzuaren lanari esker, kontsumitzaileak indartsu eta independenteagoak izatea lortu du Irungo Udalak, eta erreklamazioak egiteko tresna gehiago izatea. Funtsezkoa da pertsona eta kontsumitzaileak babestuta eta informatuta egotea”.
Aipatzekoa da Bulegoak ia 2.000 kontsultari erantzun ziela joan den urtean eta 456 erreklamazio tramitatu zituela, 29 gutxiago 2022an baino, intzidentzia kopurua txikiagoa izan zen adierazgarri. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurrean tramitatutako 24 arbitraje eskaeretatik hamazazpiren esparruan, enpresak amore eman zuen, edo Arbitraje Batzordeak baiespena eman zuen.
Datu horietan guztietan eragina izan du telefonia sektorearekin lotutako kontsulta eta erreklamazioen kopuruak behera egin izanak; 2023ra bitarteko azken urteetan, gora egiten zuen kopuru horrek, baina datuak sektorean gatazka gutxiago izan zirela adierazten du. Ildo beretik, energiaren (elektrizitatearen eta gasaren) sektorean ere gatazka gutxiago izan dira, prezioen beherakada dela medio agian.
Kopuruen beherakada gorabehera, azpimarratzekoa da Bulegoaren inpaktu ekonomikoa. Izan ere, erabiltzaileen kontsultei erantzuteko eta erabiltzaileei enpresen kontrako erreklamazioetan laguntzeko lanak, askotan, itzulketa, konpentsazio edo ordainketak dakartza; zehazki, 2023an, enpresek 30.476,28 euro itzuli zituzten Bulegoak kudeatutako erreklamazioei esker.
Nolanahi ere, datu ekonomikoez gain, badira beste lorpen batzuk, hala nola iristen ez diren produktuak entregatzea, bermealdian dauden produktuak konpontzea eta bukatu gabeko lanak bukatzea.
Horrela, kontsumitzaileen eta enpresen arteko zubi lana egiten duen neurrian, Bulegoak garrantzi handiko lana egiten du, hiru aldetatik:
- Kontsumitzaileei informazioa eta aholkuak eman legediak aitortzen dizkien eskubideei eta berauek erabiltzeko moduari buruz
- Kontsumitzaileen eta enpresen artean bitartekari aritu, gatazkak onez onean konpontzeko
- Merkatua kontrolatu kontsumo legediari dagokionez
Irungo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa 1985ean sortu zen, eta Euskadiko aitzindarietako bat da kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa, prestakuntza eta aholkuak ematen, baita beren eskubideak defendatzeko laguntza ematen ere.
KIUBaren memoria udalaren gardentasun-atarian kontsultatu ahalko da.