Ostiral honetan, maiatzaren 9an, iritsiko da Amaia KZko auditoriumak ‘Mediha’ filmaren proiekzioa (Hasan Oswald, 2023) hartuko du. DokuIrun zine dokumentaleko programaren zortzigarren edizioko bosgarren eta azken saioa izango da. Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak antolatuta, hitzordua 19:00etan izango da.
Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da kultur zentroaren webgunean, Turismo Bulegoan edo Amaia KZko leihatilan bertan, emanaldia baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.
Azken urteetan Amnesty International-arekin garatzen ari diren lankidetzaren emaitza da film hau, eta Donostiako Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldian saria jaso zuen 2024an. DokuIrunen ohikoa denez, aurkezpena eta solasaldia ere egingo dira, kasu honetan, Jorge A. Correa Quintero Amnesty International erakundeko kidearen eskutik.
‘Mediha’
Mediha nerabe yazidiar bat da, eta ISISen gatibualditik itzuli berri da. Kamera bere baitara sartzeko erabiltzen du, trauma prozesatzeko. Bien bitartean, desagertutako senideen bila ari dira erreskate-taldeak. Medihak justizia nahi du, eta horretara garamatza; izan ere, bideo-egunkari pertsonalen bidez egiten die aurre bere traumari eta minari, eta bere ahotsa erreklamatzen du, egileari buruzko ikerketak hasiz.
DokuIrun
DokuIrun zinema dokumentaleko programa bat da, gai sozialak jorratzen dituzten ekoizpen hibridoak eta esperimentalak proiektatzen dituena. Programak aukera ematen die herritarrei normalean areto komertzialetan ematen ez diren dokumental egin berriak ikusteko, eta, gainera, aurkezpena eta solasaldia ere egiten dira, protagonistaren baten edo gaian aditua den norbaiten eskutik.



