Sergio Javier Gazteriako ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu, Zabaltza plazako totemaren ondoan, Irungo Udalak datorren azaroaren 20an ospatzen den Haurren eskubideen nazioarteko egunaren harira antolatu dituen ekimen guztiak.
«Urtero bezala, aurten ere bat egin dugu Haurren eskubideen nazioarteko egunarekin. Ez da berria Udalean gure politika guztiak haurren eskubideak ezagutarazi eta aitortzera bideratzea, begirada egoera kaskarrenean daudenengan jarrita, batik bat. Jarduera-programa zinez osatu bat ondu dugu, gaur egun gizatalde horrek dituen arazoei heltzeko. Helburua kolektibo horren sufritzen dituen arazoen inguruan sentsibilizatzea eta arazo horiek berak ikusaraztea da, bai eta egunero beren ongizatea eta garapen egokia lantzeak duen garrantziaren inguruan kontzientziatzea ere», adierazi du ordezkariak komunikabideen aurrean.
Nazioarteko egun hori azaroaren 20an ospatuko da, eta Irunen jardunaldi berezi bat prestatu da azaroaren 24rako, haurrentzako jarduerekin, Igandero ekimenaren baitan. Oraingoan «Adi! Planeta zaindu nahi dugu!» lelopean, zenbait jarduera programatu dira goizean Zabaltza plazan. Baldin eta eguraldia oso txarra bada, Martindozenea gaztelekura lekualdatuko dira.
2024 honetan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 24. artikulua jarri da ardatzean: osasunari, urari, elikadurari eta ingurumenari buruzkoa da. Artikulu horrek, zehazki, haurren dituzten zenbait eskubide zerrendatzen ditu, besteak beste: osasun-arreta ona izatekoa, edateko ur garbia eskura izatekoa, elikadura osasuntsua jasotzekoa eta ingurune garbi eta seguru batean bizitzekoa.
Jardunaldia Txikis del Bidasoaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin antolatu da (Txingudiko Zerbitzuak, Emhan, Artean Espazioa, Parean Elkartea, Txiribuelta, H2S, etab.), eta lotutako jarduerak egingo dira Udalaren haurtxoko eta gaztelekuetan ere. Horrela, azaroaren 24an, igandearekin, hamar urte arteko haurrentzako jarduera batzuk antolatu dira: ingurumena, mugikortasuna, 0 kilometroa eta antzeko gaiei buruzko tailerrak adibidez. Goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara izango dira, doakoak dira eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
Gainera, 13:00etan Hortzmuga Teatroak antzerki-emanaldi bat eskainiko du euskaraz, Agurea, urpekaria eta itsasoa. Ikaskuntzari eta tolerantziari buruzko abentura bat da, umorez josia, eta gai ugari jorratzen ditu, hala nola bigarren aukerak, itsasora botatako hondakinak eta adingabeek sare sozialetan duten gehiegizko esposizioa. Asier Burguete aktore irundarra da ikuskizun horren protagonistetako bat.
Irungo haurtxokoetako hezitzaileek, hainbat saiotan, haurren eskubideak landu dituzte, eta, lanketa horretan oinarrituz, 24. artikuluaren gaiekin lotutako mural bat marraztu dute. Bada, jardunaldiaren esparruan jarriko dute ikusgai.
Azkenik, Irungo gaztelekuek ere gai berak landu dituzte, beira-arasa bat sortuta. Barruan, plastikoa, papera, gai organikoak eta beste elementu batzuk nola deskonposatzen diren ikusten da. Gainera, aurrerago zuhaitz bat landatzea aurreikusten da, hazteko behar duen denbora eta materialek deskonposatzeko behar dutena konparatzeko.
Hona hemen 11:00etatik 13:00etara bitartean egingo diren jarduerak:
Txikientzako tailerrak
- Soinu-instalazio interaktiboa Turukutuparekin: Reziclonk instalazioan hondakinak berreskuratzen dira soinua egiteko tresna batzuk sortzeko. Horrela, parte-hartzaileek askotariko materialek eskainitako aukerekin esperimentatu ahalko dute.
- Bizikleta-abilidadeak ikasteko zirkuitua, Balaztarekin: dagoen espaziora egokitutako zirkuituak, askotariko abildadeak eskatzen dituzten tarteekin. Pedalik gabeko txirrindentzako egokitua, 4 urtetik aurrera.
- Marrazketa-gunea, Txiribueltarekin: Marrazki tematikoak egingo ditugu klarionarekin galtzadan.
- Elementu naturalak eta jolas libreak, Ehmanekin: haurrak naturarekin birkonektatzeko eta beren sormena eta abildade sozialak garatzeko espazio bat.
- Sormen tailerra Artean Espazioarekin.
- Parean elkartearen irakurgunea.
Sei urtetik gorako haurrentzako tailerrak
- Birziklatzearen dama-jokoa, Txingudiko Zerbitzuekin: gaikako bilketa lantzeko joko bat, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira eraman behar baita.
- Baratzezaintza tailerra Mattin Sormenarekin: jarduera honetan, substratua prestatuko da, landaketa txikik egingo dira eta berotegi txiki bat ereingo da.
- Paduraz padura jolasa, Ekoetxea Txingudirekin: antzara-joko erraldoian inspiratutako familientzako jolas honetan, Txingudiko padurari buruzko bitxikeria ugari deskubrituko ditugu galderen eta erronken bidez.
- Musika-tresna birziklatuak, Turukutuparekin: hondakinak erabilita, musika-tresnak egingo ditugu, objektuak birziklatuta eta bigarren aukera bat emanda.
- Surf skate tailerra HS2rekin: haurrentzako skate park bat muntatuko dugu, bi zirkuiturekin, bat txikientzat eta beste bat 4 urtetik gorakoentzat. Skateak eta kaskoak, antolakuntzaren eskutik.



