Iñaki Bengoetxea, sagardogilea: “Kalitatezko lehengaia momentu egokian biltzea ezinbestekoa da”

Hiru hilabete baino gehiago geratzen dira oraindik lehen “Txotx!” oihua entzuteko, urteko sagardo berria dastatzeko. Lehenago, lan handia egin beharko dute sagardogileek urtarrilaren amaieran produkturik onena eskaini ahal izateko. Sagarrak biltzea da prozesu luzearen lehen urratsa. Zubieta finkako sagarrondoen artean topatu dugu, hain zuzen ere, Irungo Ola Sagardotegiko Iñaki Bengoetxea.

bengoetxea

Jarraibideak eman ondoren, zuhaitzak astintzen utzi ditu langileak Bengoetxeak. “Goizean telebistakoak ere izan dira hemen. Ea martxa hartzen dugun behingoz”, aipatu du, sagardogilearen arduraz. Urriaren hasiera iritsi da, eta sagarrak bil-tzen hasi berriak dira. Hilabete eta erdiko lana izango dute, gutxi gorabehera.
Sagardoa egiteko prozesuaren hasierak oinarri sendoa jarriko duela gogoratu du Iñaki Bengoetxeak: “Kalitatezko lehengaia momentu egokian biltzea ezinbestekoa da”. Makinaria probatzen hasi badira ere, eskuz biltzen dituzte oraindik sagar gehienak, kizkia izeneko tresnarekin. Guztira, 190.000 kilo inguru bilduko dituzte Olako sagardoa egiteko. Horietako asko, sagardotegiko lursailetakoak, baina baita eskualdeko baserrietakoak ere. “Etxean hamaika sail ditut. Gainera, Irungo, Hondarribiko, baita Zarauzko baserrietako sagarrak ere biltzen ditugu”. Lursail bakoitzean, sagar mota ezberdinak izaten dira. Zubietan bertan, hogei modalitate ezberdin ere badira. Baina, ondoren, nahasi egingo dituzte.
Teknologiak prozesua erraztu duela azaldu du Iñaki Bengoetxeak: “Gaur egun, PH adierazleari esker, badakigu sagar mota bakoitza garratza den edo ez”. Sagarra ondo bildu, sailkatu eta nahastuta ere, hurrengo urratsak gertutik jarraitu beharra dago. “Trasiegoak momentu egokian egin behar dira, eta fermentazioa ere kontrolatu behar da”, aipatu du Bengoetxeak. Guztia kontuan hartuta ere, zaila da prozesuaren lehen fasea hasi bezain pronto sagardoa nolakoa izango den aurreratzea. Sagardogilea ausartu da, hala ere, pista ba-tzuk ematera: “Udara nahiko arraroa izan da eguraldiari dagokionez, baina irailean beroa egin du eta udazkenak horrela jarraitzen badu, sagardo ona aterako dela espero dugu”. Urtetako esperientziari esker, aurreikuspenak egiteko ahalmena dauka Iñaki.
Hamabost urte darama sagardogintzaren negozioan. Txikitatik izan du, hala ere, sagardoarekiko lotura. Meaka auzoko baserrian hazitakoa da, eta betidanik ezagutu du sagardoa egiteko ohitura: “Amaren baserrian tolarea geneukan, aitona hondarribiarrarenean ere bai. Umeak ginela pitarra edaten genuen”. Hirigunean sagardotegiak bazirela azpimarratu du: “Larretxipin eta Santiago aldean gogoratzen ditut nik”. Denboraren poderioz, tradizio hura galdu eta ahaztu egin zen. Gaur egun, Irun ez da sagardoaren lurraldean sartzen. Hausnarketarako bidea zabaldu du Bengoe-txeak: “Mapatik ezabatu gaituzte. Baina benetan Irunen kulturarik edo afiziorik ez baldin badago, zergatik etortzen dira Gipuzkoako beste herrietatik sagardoa saltzera?”.
Olak irundarron iragan sagardozaleari jarraipena eman nahi dio. Hori dela eta, kultura eta ohitura zabal-tzeko lana egin ohi du Bengoetxea familiak, Sagarraren Egunarekin eta sagardotegian antolatzen dituen hainbat jarduerarekin. “Euskal Jiran edo Santo Tomas egunean zapia jantzi eta Sagardoa edaten du jende askok. Baina egunerokoan gehienek ez daukate ohitura hori”. Badute antza, beraz, sagardoak eta euskarak. Badago lana aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude