“Alardea barrutik bizitzea oso esperientzia polita da”

Junkal Peña eta Beñat Blanco ama-semeak eta Julen Beltran eta Maialen Beltran aita-alabak ereport poublikos4651Alarde publikoko partaideak dira. Aurten ere ez dute huts egingo.

Nork bere bizipenen berri ematen du ondorengo erreportajean, baina lauak bat datoz esaldi honekin: “Alardea barrutik bizitzea esperientzia oso polita da”.

Junkal Peña

Junkal Peñak Danborrada eratu zenetik egiten du Alardea. Gaur egun Anaka konpainian desfilatzen du, betiere danborra jotzen, bere musikazaletasunari jarraiki. “Emakume batzuek Alardea egin nahi zutela baina oztopoak jartzen zitzaiezkiela ikusita, ateratzea erabaki nuen, laguntzeko asmoz”, azaldu du Junkalek. “Atera ondoren Alardea barrutik bizitzeak ez duela espaloitik ikustearekin zerikusirik konturatu nintzen: askoz politagoa da barrutik”. Handik aurrera ekainaren 30ero festari lotzen zaio huts egin gabe. “Ateratzeko irrikitan nago. Benetan merezi duen bizipena da”.

Alarde bakarra egitea, emakumezkoen zein gizonezkoen parte-hartzearekin, Junkalen nahia zen lehen. Gaur, berriz, “jende gehiegi izango litzatekeela pentsatzen dut”.

Beñat Blanco

Beñat semeak duela bi urte arte kanpotik ikusten zuen. Orduan, amak proposatuta, Alardea egitera deliberatu zen. Etxean eta entseguetan joaz ikasi eta halaxe urratsa eman zuen. “Egia esateko, hasieran lotsa sentitu nuen, nire lagun asko tradizionalean joaten direlako. Orain, ordea, ez dut horrelakorik sentitzen, ez baitut arazorik izan. Konpainiako kideen laguntzak eroso sentitzearekin zerikusi handia izan duela onartzen du Beñatek. Gaur egun ezbairik gabe dio zorioneko erabakia izan zela.

Julen Beltran

Julen Beltranek 1996. urtera atzera egiten du oroitzapenetan Alarde publikoarekiko hartu emana azaltzean. Urte hartan emakume eta gizon talde bat Alardean sartzen saiatu zen. “Gogoan ditut udaletxeko arkupeetan gertatutako istiluak: emakumeak harrikatzen ari ziren. Benetan latza izan zen; oso gaizki pasa nuen, ezin nuelako ulertu eta aldi berean lotsatuta nengoelako”.

Julenen emazteak ere ez zuen zalantza egin eta hasieratik soldadu joatea izan zen bere aukera. “Bakoitzak bere aldetik parranda egiten du eta, bukatzean, biak elkarrekin etxeratzen gara!!”, dio Julenek umorez.

Alarde mistoaren alde hastapenetatik engaiatuta ibili da Julen. Gauzak asko aldatu dira eta horren lekuko “beharrezko postuetarako boluntarioak lortzea errazagoa dela orain. Kantinera joateko ere zozketa eta guzti egin behar da”.

Maialen Beltran

1996an Maialen Beltranek urtebete besterik ez zuen; hortaz, bere bizitza guztian zehar gurasoak desfilatzen ikusi dituen gazte horietako bat da. “Niretzat gauza naturala zen. Duela urte batzuk jakin nuen hori ez dela betidanik horrela izan”. Hazten joan den heinean polemikaz ohartu da. “Lagunen artean zorionez gai honek ez du arazo larririk piztu”.

Iaz Maialenek, txilibitua hartuta, estrainekoz desfilatu zuen, aitarekin batera, Ama Xantalen konpainiarekin desfilatu ere. “Barrutik Alardea oso emozionantea da, zirraragarria. Musikarekin pila bat gozatzen da. Buf, adrenalina igoarazten dizu!”.

Eta kantinera izan nahi zenuke? “Etorkizunean bai, baina hasiberria naiz eta oraingoz nahiago dut txilibitaria izan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude