Udara borobila Irungo turismoarentzako

2018 urteko udarak datu turistiko borobilak utzi ditu Irunen. Uztaileko hilabetean hotelen okupazioa %80koa izan zen eta abuztuan, berriz, okupazioa %100tik gertu ibili zen. Guztira, 3.938 bisitari igaro dira Luis Marianon kokaturio turismo bulegotik.

Aurten lortutako datuak 2017ko datuekin alderatuz gero, uztaileko okupazioa altuagoa izan zen iaz, izan ere, %90ra iritsi zen eta. Abuztuko hilabetean, berriz, aurtengo datuak hobeak dira, iazko okupazioaren %95a gainditzea lortu delako. Bisitariek hirian egindako gaualdien bataz besteko kopurua 1,63 gauekoa izan da aurtengo uztailean.

Luis Marianon kokaturiko turismo bulegoak erregistraturiko datuen arabera, kontsultaren bat egitera hurbildu diren bisitarien kopurua murriztu da aurten. Hain zuzen ere, aurten 3.938 bisitari gerturatu dira bulegora eta iaz 4.057 izan ziren.

Bisitarien jatorriari dagokionez, bisitarien %37,65a Frantzia, Alemania, Erresuma Batua edo Belgika bezalako atzerriko herrialdeetatik etorri da. Bestetik, %29,29a Madril, Katalunia, Valentzia eta Gaztela eta Leon bezalako Espainiako Autonomi Erkidegoetako bisitariak dira. Gainontzekoak, bertako zein Euskadiko bisitariak dira.

Bisitari eta biztanleek hiriaren ondare naturala, arkeologikoa, kulturala eta historikoa ezagutzeko ekintzen eskaintza zabala izan dute aukeran. Oiasso Erromatar Museoak 8.500 bisitari jaso ditu, joan den urtean baino %4 gehiago. Bestetik, Donejakue Bidea egiten ari diren erromesen kopurua etengabe handituz doa. Gainera, Irungo leku adierazgarrienak ezagutzeko bisita gidatuak egin dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude