
Txingudi A taldeak agur esan dio Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketari, maiatzaren 16an Tolosako Bonberenean jokatutako final-erdietako saioan txapelketa galdu ostean. Arratsaldeko 17:00etan hasitako hitzorduan, Irungo bertsolariek Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka neurtu zituzten indarrak. Bertaratutako zaleek saio bizi, parekatu eta maila oso altukoa entzuteko aukera izan zuten hasieratik bukaerara arte.
Irungo taldearen izenean Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi aritu ziren lehian. Goierriko taldearen aldetik, berriz, Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa igo ziren agertokira. Saioaren gai-jartzaile lanetan Leire Akizu Bidegain aritu zen, eta epaimahaia Aitor Errazkin Vicente, Jon Mendizabal eta Iñigo Legorburuk osatu zuten.
Azkenean, oso estu bada ere, Zumarraga-Urretxu 1 taldeak lortu zuen txapelketako final handian aritzeko txartela. Saioa amaitu ostean, bertsolariek eta antolatzaileek Bonberenean bertan afaltzeko aukera izan zuten, bertako kideek emandako harrera eta tratu goxoa eskertuz. Txingudi A taldeak finalaren atarian agur esan behar izan dion arren, txapelketan zehar egindako ibilbide luze eta oparoa azpimarratu eta zoriondu dute Irunabarretik.



