Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak 25 urte beti ditu Moskuko bihotzetik bestelako kezkak eta aisialdiaz gozatzeko nahia zuten horiei irtenbide alternatiboak eskaintzen. Ateneoak 25. urteurrena ospatzeko programazio berezia prestatu du Peña kaleko lokalera askotariko publikoa erakarri nahian. Marian Iza Kabigorriko bazkideak egun Kabigorriren egoera nolakoa den azaldu du.
Marian Iza Kabigorrriko kideak onartu du bera ez zela ateneoaren sorreran egon. Hala ere, egun Kabigorriko kidea denak adierazi du sorreran hainbat kolektibotan militantea zen jendeari bururatu zitzaiola Kabigorri bezalako espazio bat sortzeko ideia. “Ateneo bat sortzea bururatu zitzaien gustura egoteko eta zirkuitutik kanpo dauden gauzak aurkezteko toki baten bila”, azaldu du Marian Izak. Gerora, hirian izaera bera duten beste hainbat espazio sortu badira ere, Kabigorri izan zen horrelako eremuetan aitzindaria.
Izena sorreraren arrazoien eta testuinguruaren adibide argia da. “Sorreran parte hartu ez nuenez ezin dezaket guztiz baieztatu, baina teoria ugari entzun ditut”. Uste horietako bat azalduz, Marianek esan du Gorritasuna beti Irunen Mosku bezala ezagutzen den zonaldearekin lotua egon dela. Beraz, uste da espazio hau joera horretako pentsamoldeentzako kabi bat izan dela eta horrela uler daitekeela “kabi” eta “gorri” hitzen arteko lotura.
Hastapen horiek atzean utzita, proiektuak 25 urte irautea lortu du dagoeneko. “Kabigorriren esentzia bere horretan mantendu bada ere, denborak aurrera egin ahala proiektua hobetzeko eta gaurkotzeko irtenbideak bilatu dira”. Urteen poderioz gertatutako aldaketak argi eta garbi islatzen du aretoa banatzen zuten panelen desagerpena. “Hasieran panelak erabiltzen ziren taberna eta emanaldi espazioa banatzeko, baina denborak erakutsi zuen hobe zela espazio ireki bezala funtzionatzea”, adierazi du Marian Izak. Kultur proiektu berri honen sorreran bi helburu elkartu ziren. Alde batetik, inguruarekiko kezka eta bestetik, hausnarketarako eta aisialdiaz gozatzeko aukerak areagotzeko nahia.
Bazkidetza sostengu
Ateneoaren funtzionamenduaz galdetuta, Marian Izak adierazi du: “Kabigorri toki irekia da”. Hala ere, bazkideek eta tarteka diru ekarpenak egiten dituztenek egindako dohaintzei esker lortzen du aurrera egitea. Ordea, Kabigorriko bazkideak azaldu du ez dela batere erraza diruaren arabera antolatutako mundu batean espazio ireki bat kudeatzea. “Doako ekintzak eskaini arren, ez da ahaztu behar ekitaldien antolaketak ateneorako gastua dakarrela”, gaineratu du Marianek. Aspaldian asanbladan erabaki zuten Kabigorrin ekintzak edo emanaldiak eskaintzen zituzten guztiei ordaintzea. Marian Izak azpimarratu duenez, “hala ere, sarrera beti doan mantendu dugu, uste baitugu, egoera ekonomikoa gorabehera, edonork izan behar duela kulturaraz gozatzeko aukera”.
Bizirautea helburu
Gaur egun elkartean 90 bazkide inguru dira, baina Marianek azaldu du jendea ez dela animatzen antolaketan aktiboki parte hartzera. “Pandemia garaia bereziki gogorra izan da Kabigorrirentzat”, azaldu du Kabigorriko bazkideak. Izan ere, ateneoaren diru sarrerak zerora murriztu diren bitartean, gastuak izaten jarraitu dute. Kalte ekonomikoaz gain, Marianek uste du pandemiak ohituretan eta aisialdiaz gozatzeko moduetan eragin nabarmena izan duela eta estutasun larri horren ostean, Kabigorri egun egoera ekonomiko larrian dagoela. “Ea zortea dugun eta kinka larri honetatik ateratzea lortzen dugun Kabigorriren istorioa 25. urteurrenarekin amaitu ez dadin”, gaineratu du Kabigorriko bazkideak.
Momentuz Kabigorriren erronka nagusia bizirautea da. Marian Izaren hitzetan, “pandemia bera eta pandemia osteko garaia ere oso aldakorrak izan dira Kabigorrirentzat”. Pandemiaren ostean, zerbitzari eta sukaldari gabe geratu ziren Sanmartzial atarian eta ez zen erraza izan jaiegunetan lan egiteko prest zeuden ordezkoak bilatzea. “Orain sukaldari berria dugu eta ilusio handia dugu berak proposatzen dizkigun aldaketekin”. Zentzu horretan, urriaren 20an tabernan karta berria estreinatu du Kabigorrik, produktu berriak eskaintzeko helburuarekin. Aspaldian egin bezala, KM0, auzoko eta ekoizle hurbilen produktuak erabiltzeko apustua egiten jarraituko dute. “Orain gainera hanburgesak eta patata frijituak bertan egingo dira, kanpotik erdi prestatuak ekarri ordez”, azaldu du Marianek jendeak sukalde berria probatzera hurbiltzeko gogoa izan dezan.
Eskaintza aldakorra
Egoera makalean egonda ere, Kabigorriren 25 urteak modu berezian ospatzeko bidea topatu dute. “Buruari buelta asko eman dizkiogu egitarau hau aurkeztu ahal izateko, ez baita batere erraza hainbeste emanaldi eta artista edo kolaboratzaile koordinatzea”. Ekintza interesgarriak proposatzeaz gain, Kabigorriren bizitzan zehar ateneoan egindako ekintzen isla izatea nahi genuen. 25 urtean asko aldatu dira Kabigorriko eszenatokian eta aretoan antolatu diren ekintzak. Ekintza asko eta asko aspaldian atzean gelditu ziren eta besteek aldiz, orain topatu dute agur esateko momentua. Hori da Irunabar elkarteko kideek antolatutako bertso saioen kasua, urteurren borobil hau aprobetxatuta agur esango baitiote azken urteetan egindako bertso gauei.
Dena dela, Kabigorrin badira egun arrakasta itzela duten jarduerak. Egun Maindfullnes tailerra martxan dute eta plaza guztiak bete dituzte. Komiki tailerrak ere harrera bikaina du eta egun taldea bitan zatitu behar izan da eskari guztiei erantzun ahal izateko. Gainera, erakusketak egiteko espazioa doan eskaintzen diete, artistek beraiek obrak aurkezteko espazioa izan dezaten. “Datorren urterako 3 erakusketa eskari dauzkagu jada”, azaldu du Izak.
Arrakasta orain dela urte batzuk egindako gogoeta prozesuaren emaitza dela esan daiteke. Izan ere, Kabigorrik publiko gutxi erakartzen zuen garai batean galdetegi bat banatu zuten ateneoko bazkide eta lagunen artean nolako ekintzak interesatzen zitzaizkien jakin ahal izateko. “Bakoitzaren interes edo kezkak ezberdinak direnez, ez da erraza oro har gizartearen zati handi batentzat erakargarriak izango diren ekintzak topatzea”, azaldu du Marian Izak.
Etorkizunera begira Marian Izak azaldu du Kabigorrik milaka proiektu dauzkala, baina lehentasun nagusia ateneoaren egoera ekonomikoa egonkortzea dela. Jendearen inplikazioa eta auzolana ere funtsezkoak izango dira Moskuko habia guztiz desegin ez dadin.