Seigarren aldiz aurkeztu dute aurten Nagore Tejedor Davila, Alarde Tradizionaleko Meaka konpainiako Kantinera izateko. Kostata, baina azkenean aspaldiko ametsa bete du. San Martzial egunean aita, lehengusua eta mutil-lagunaren aita izango ditu ondoan. Mutil-laguna gertu izango du hala ere, Meaka konpainiako banderina eramango baitu. Beste bitxikeria bat ere konta dezake Nagore Tejedorek. Caser Anaka adinekoen egoitzan egiten du lan, eta urtero sanmartzialetako jarduerak prestatu ohi ditu. Aurten bera omenduko dute egoiliarrek eta lankideek.
Behin eta berriro saiatu izan zara Meakako kantinera izaten. Ez duzu etsi.
Egia esan, aurreko bost urteetan zorterik izan ez nuenez, aurten ez nuen ezer ere espero. Ezusteko handia izan da, eta oso pozik nago horregatik. Urte askotan saiatu izan direnak amorerik ez ematera animatuko nituzke. Haien ilusioa da, eta merezi du.
“Urte askotan saiatu izan direnak amorerik ez ematera animatuko nituzke”
Nolakoa izan zen aukeraketaren eguna?
Lanetik atera eta familiarekin zerbait hartzera joan nintzen. Etxera iritsita, txirrina jo zuen norbaitek. Atarira joateko eskatu zidaten, zakurra eta haurrak gurutzatu zitzaizkidan bidean, eta heldu nintzenean, mundu guztia ikusi nuen bertan: kapitaina, aita, lehengusua, mutil-laguna, bere aita etab. Galdera ezaguna egin zidaten, eta baiezkoa eman nuen segidan. Hortik aurrera, jende pila bat sartu zen etxean, eta ospakizun ederra egin genuen.
Zein izan zen hurrengo egunetan egin zenuen lehenengo gauza?
Entseguetarako soinekoak bilatzera joan nintzen. Aste horretan bertan, kantinera jantzia probatu nuen.
“Kantinera jantzita nire burua ispiluan ikusi nuenean, ilusio ikaragarria sentitu nuen”
Nolakoa izan zen zure burua kantinera jantziarekin ikustea?
Pixkanaka probatuz joan nintzen, baina dena batera jantzita nire burua ispiluan ikusi nuenean, ilusio ikaragarria sentitu nuen.
Caser egoitzan lan egiten duzu, eta urtero kantinera hautatzen duzue egoiliarren artean. Nola hartu dute?
Hori da, urtero nik antolatu izan dut bozketa, lore-sorta eman izan diot kantinerari, jantzia probatzen lagundu etab. Pentsa zer nolako ilusioa egin dien egoitzan. Aurten bi kantinera daude Caserren, eta batera desfilatuko dugu.
Laster hasiko zara entseguekin. Prest al zaude?
Bai, ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango ditut, denak segidan. Hegan pasako zaizkit. Soinekoak prest ditut pertxa batean, oinetakoekin. Aita, mutil-laguna, lehengusua eta mutil-lagunaren aita eramango ditut ondoan.
Ekainaren 28a, 29a eta 30a ere segidan etorriko dira. Zer espero duzu?
Ez dut ilusio handiegirik egin nahi. Momentu bakoitzarekin gozatu nahi dut, datorren bezala.
San Martzial egunean mutil-laguna konpainiako banderinarekin aterako da. Nolakoa izango da esperientzia?
Izugarria izango da, bakarra. Ez dakit horrelako beste kasuren bat eman den, baina oso polita izango dela uste dut.
Zein da gehien espero duzun momentua?
Elizara jaitsiera da gehien gustatzen zaidanetako bat. Bertan ikusi izan dut Alardea, askotan.
Bi aste dituzu oraindik, aurrekoaz gozatzeko.
Hori da. Egun bakoitzaz eta une bakoitzaz gozatu nahi dut. Gainera, nire ingurukoekin elkarbanatu nahi dut ilusioa.