Batera biziko dute

Irati Icardo eta Ane Unanue lagunak urte berean izango dira kantinera, Alarde Publikoan

Kuadrillan kantinera edukitzeak poza eta ilusioa eragiten ditu gehienetan. Lagun taldea pixka bat aztoratu ere egin dezake. Baina urte berean bi edukitzea, batzuentzat, eromena izan daiteke. Irungo Alarde Publikoan gertatu da aurten, Ane Unanue eta Irati Icardo lagunak batera izango baitira kantinera. Unanue zalditerian, eta Icardo, Bidasoa konpainian.SONY DSC
Aldi berean izango zarete kantinera. Nola hartu duzue albistea?

ANE UNANUE: Bagenekien biak aurkeztuko ginela, eta nola biziko genuen adostu genuen duela zenbait hilabete. Ahalik eta gehien disfrutatzea jarriko dugu beste edozeren gainetik. Egia da pena ematen digula, niri Iratiren urtea %100ean bizitzea gustatuko litzaidakeelako, eta alderantziz.

Dena den, ni Zalditerian aterako naizenez, ez dut entsegurik edukiko, eta kuadrillakoek ez dute erdibitu behar izango. Gainera, Iratiren entseguak ikusi ahal izango ditut, eta bere ondoan aterako naiz egun batean.

IRATI ICARDO: Gauza onak ere edukiko dituela pentsatu behar dugu. Ekainaren 28ko Kantineren aurkezpena, adibidez, batera biziko dugu. Eta 29an ere topo egingo dugu, Jeneralak Bidasoa konpainiaren armen ikuskatzea egiten duenean. Momentu berezia izango da hori.

Aspaldiko asmoa zenuten kantinera ateratzea?

IRATI ICARDO: Egia esan, nik txikitatik nahi nuen Kantinera izan. Nire amona, nire izeba, eta nire birramona Kantinera izan ziren. Duela hiru urte, nire ahizpa ere atera zen, Bidasoan, baita ere. Bere ondoan desfilatu nuen, eta oso-oso polita izan zen.

ANE UNANUE: Nire gurasoak eta familia ez dira irundarrak, eta ni naiz etxean festa gehien bizi duena. Baina betidanik ikusi izan ditut bi Alardeak, eta Zalditeriako Kantinerarena izan da beti, niretzat, figura erakargarriena.

Argi izan duzue, beraz, zalditerian eta Bidasoan atera nahi zenutela?

ANE UNANUE: Zalantzarik gabe. Txikitatik gustatu izan zaizkit zaldiak, eta oso eroso sentitzen naiz zaldi gainean. Aurtengoa ezberdina izango da, eta egia da hasieran arraroa dela amazona aulkiarekin joatea. Dena den, behin postura egokia harrapatuta, ez dago arazorik.

IRATI ICARDO: Desfilatzen hasi nintzenean, Ama Xantalenen atera nintzen. Baina nire aita Bidasoan atera izan da beti, eta nire ahizpa Bidasoan izan zen Kantinera. Urte horretan Bidasoan atera nintzen, eta aurrerantzean nire konpainia izan da. Gustuko dut, ez delako konpainia arrunta. Irungo bandera hartzeko momentua oso berezia da.

Prestaketei dagokienez, zer iruditu zaizue zailena?

IRATI ICARDO: Hiru entseguetarako arropa eta oinetako egokiak aurkitzea. Orokorrean, prestaketak ez dira horren konplikatuak, denborarekin eginez gero, ez dago arazorik. Bestalde, Kantineren Batzordeak asko laguntzen digu. Aholku eta truku pila ematen dizkigute. Xehetasunak dira, baina asko laguntzen dute.

ANE UNANUE: Bitxia dirudi, baina niretzat, gauza zailenetariko bat, ekainaren 30ean bazkaltzeko lekua topatzea izan da. Guk San Martzial egunean ez dugu familia bazkari handirik egiten, baina aurten senide asko etorriko dira, eta lekua aurkitzeko larri samar ibili gara. Erdigunean ez zegoen tokirik, eta hiriaren kanpoaldeko jatetxe batean lekua lortu dugu azkenean.

Soldadu atera zarete biak, Kantinera izan aurretik. Nola hasi zineten desfilatzen?

IRATI ICARDO: 2010ean hasi nintzen ateratzen, txilibitoarekin. Ikusten nuena gustatzen zitzaidan. Gainera kuadrillako bat desfilatzen hasi zen orduan, eta animatu egin nintzen.

ANE UNANUE: Joan den urtean atera nintzen lehen aldiz. Txikitatik gustatu izan zaizkit Alardeak. Lagun bat Kantinera atera zenean gehiago murgildu nintzen festan, eta barrutik ezagutzeko gogoa sartu zitzaidan. Hurrengo urtean desfilatzea erabaki nuen.

Zer nolako esperientziak bizi izan dituzue Alardean?

ANE UNANUE: Ordura artekoarekin konparatuta, oso esperientzia desberdina izan zen. Kanpotik esaten da berdin disfrutatzen dela, baina ez da gauza bera. Kontatzen dizute, eta imajina dezakezu, baina nik behintzat, ez nuen horrenbeste gozatzea espero.

IRATI ICARDO: Gogoratzen dut lehenengo urteetan oso urduri jartzen nintzela, bai goizean, baita arratsaldean ere. Hala ere, oso gustura atera izan naiz beti.

Zer aldatuko da aurten zuentzat?

IRATI ICARDO: Soldadu zarenean oso ondo pasatzen duzu, asko disfrutatzen duzu. Baina Kantinera zarenean protagonista zara, denek txalotzen zaituzte, eta alde horretatik, bereziagoa da. Ni oso urduria naiz orokorrean, eta ez dut pentsatu nahi aurten nola jarriko naizen.

ANE UNANUE: Jendeak ez du soldaduen aurpegietan arreta jartzen. Oharkabean pasatzen zara. Kantinerek, berriz, begirada guztiak jasotzen dituzte. Hori da alderik handiena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude