Bidasoa LHIIko zurgintzako ikasleek aulkiak birdiseinatzeko erronka onartu dute

Bidasoa LHIIko Zurgintzako erdi mailako zikloko ikasleei erronka berezi bat egin diete irakasleek: aulkiak sortzea eta birdiseinatzea. Behin erronka ezagututa, burua ideien bila jarri dute martxan eta eskuak berriz, lanean. “Aulkia birdiseinatzen” proiektuaren emaitza ordea ez da ikastetxean gelditu, abenduaren 18an San Juan plazan aulkiak erakusteko erakusketa publikoa egin baitzuten. Irakasle zein ikasleak harro agertu dira aulki formako proiektuaren emaitza erakutsiz.

Haitz Urtxegi eta Daniel Zagariuk aulkiak eraiki eta birdiseinatzeko proiektu honetan parte hartu duten bi ikasle dira eta esperientzia nolakoa izan den partekatu dute. Haitz Urtxegik azaldu duenez, lehenik eta behin banketa bat erakutsi zieten eta horri hobekuntzak egitea eskatu zieten. Proiektua egiteko taldetan antolatu ziren, eta beraz, behin irizpideak jasota, bakoitzak zer egin nahi zuen erabakitzeko ordua iritsi zen. Daniel Zagariukek aipatu duenez, aulkiak egurrezko oholtzarretatik abiatuz eraiki dituzte. “Neurketak eta planoak egiteaz gain, aulkia sortzeko prozesu guztia guk geuk egin dugu”, adierazi du Zagariukek. Gainera, aulkiak eraikitzeko ez dute inolako torlojurik erabili, hau da, kaxa eta zirien bidez muntatu dute eserlekua.

“Neurketak eta planoak egiteaz gain, aulkia sortzeko prozesu guztia guk geuk egin dugu”

Daniel Zagariuk, Bidasoa LHIIko zurgintzako ikaslea

Ibai Gómez irakasleak, aldiz, instalazio eta altzarigintzako lehen mailan Materialak eta Eraikuntza Soluzioak ikasgaiak ematen ditu. Irakasleak azaldu duenez, aulkiak sortzeko pinu zura erabili dute, eta beraz, “material aldetik ez du erantzukizun handirik izan modulu honek”. Eraikuntza soluzioen atalean berriz, ikasleak oinarrizko aulki batetik abiatuta, altzariaren birdiseinua egiteaz arduratu dira.

Diseinu propioak

Sortutakoak ez dira nolanahiko aulkiak izan, izan ere, ikasle bakoitzak bere ukitu propioa eman diolako proiektuari, ikasitakoaz gain, irudimena eta trebezia batuz. Haitz Urtxegiren esanetan, “taldeka egindako proiektua izan denez, 4 aulki berdin daude, baina bakoitzak bere modura egin du”. Aulkiak diseinatzeko orduan, Daniel Zagariukek aipatu du Googlen ideiak hartzeko bilaketak egin dituztela, baina bakoitzak bere ukitua eman diola azkenean.

Ibai Gómez irakasleak aipatu duenez, “ikasle bakoitzak bere estilo eta gustuen arabera birdiseinatu ditu aulkiak”. Horrela, emaitza taldeko lanaren fruitua izan da. Emaitza askotarikoa izan da: aulki batzuk taburete estilokoak dira, altuxeagoak, batzuek bizkarraldea dute eta beste batzuek ez, batzuei beso-euskarriak jarri dizkiete eta besaulki motakoren bat ere atera da. “Emaitza eta produkzioa oso askotarikoak izan dira”, nabarmendu du irakasleak.

Haitz Urtxegiren taldeak egindako aulkien kasuan, proiektuak hanka-sartzeetatik ikasteko balio izan die. “Hasieran planoak marraztu genituenean errazagoa izango zela pentsatu genuen, baina egiten hasi ahala konturatu ginen oso mozketa zailak egitea eskatzen zigula”. Oztopoak oztopo, azkenean hasierako ideia aurrera atera eta aulki forma hartu du. Daniel Zagariukek berriz, azaldu digu prozesu erraza izan dela, denon artean egin dutelako eta, beraz, polita iruditu zaiela.

“Kontuan hartuta lehenengo mailako ikasleak direla, hasiera batean zailtasunak izan dituzte diseinua egiteko orduan, erronka ausartak aukeratu dituztelako”

Ibai Gómez, irakaslea

“Kontuan hartuta lehenengo mailako ikasleak direla, hasiera batean zailtasunak izan dituzte diseinua egiteko orduan, erronka ausartak aukeratu dituztelako”, azaldu du Ibai Gómezek. Irakasleak onartu du, oinarrizko aulkitik abiatuta aldaketa handiak egin dituztela. Ondorioz, “momentu batzuetan blokeo txiki batzuk gertatu dira, baina aurrera ateratzeko moldatu dira eta oso emaitza positiboarekin gainera”. Izan ere, ikasleei eskatutako proiektua bizitza errealeko erronka bat izan da: altzari bat egitea egur trinkoa erabiliz eta diseinu propioarekin.

Ikasgelan ikasi eta barneratutakoa praktikara eraman dute horrela. Haitz Urtxegik azaldu du trintxarekin egurrean formak egiten ikasi zutela. Horrela, egurrean ziriak egiten ikasi zuten pixkanaka. Ibai Gómezek adierazi duenez, orain arte eskoletan marrazketako erremintak erabiltzen irakatsi diete, “entrenamendu moduan”, eta gero hori dena aulkietan aplikatu behar izan dute. Hori menperatuta, “pieza handiagoak egiten hasi gara pixkanaka eta orain aulkia sortu dugu”, adierazi du Urtxegik.

Erakusketa lana

Proiektua hasi zutenean ikasleek ez zuten espero horrelako emaitzarik izango zuenik eta aulkiak kalera, erakusketa formatuan, aterako zituztenik. Zehazki, abenduaren 18an, ikasturtearen lehen zatia agurtu aurretik, goizeko 10:00etan ikasleek sortutako aulkiak San Juan Arri plazan jarri zituzten ikusgai. Erakusketaren helburua ikasleen trebetasun teknikoak, sormena eta diseinurako gaitasuna erakustea izan da, Lanbide Heziketako prestakuntzaren kalitatearen eta enplegagarritasunarekiko konpromisoaren adierazle gisa. Gainera, bertara gerturatu diren ikusnahiei aulkiaren prozesuari buruzko azalpen teknikoak eman dizkiete.

Haitz Urtxegiren hitzetan, “interesgarria iruditu zitzaidan gure lana kalera ateratzeko aukera, horrela, ikastetxekoak ez direnek, gure lanaren emaitza ikusteko aukera izan dezaten”. Daniel Zagariukek erantsi du, irakaslearen apeta izan zela aulkiak kalera ateratzea, baina egitasmo polita dela. Hain zuzen ere, Ibai Gómezek gogoratu du tailerreko irakaslea eta ikasleen tutorea den Josu Salegi irakasleak proiektu hau plazaratzeko gogoa zuela, Bidasoako zurgintzako ikasleek zer-nolako lanak egiten dituzten erakusteko. Bide batez, eskualdeko jendea horrelako ikasketak egitera animatzeko aitzakia ere izan da.

“Behin aulkia egiteko gai izan garela ikusita, gauza gehiago egiteko gogoa sartzen zaizu”

Haitz Urtxegi, Bidasoa LHIIko zurgintzako ikaslea

Ezagutza berriak praktikan jartzeaz gain, proiektuak zurgintzak nolako gauzak sortzeko aukera ematen duen ikusi dute. “Behin aulkia egiteko gai izan garela ikusita, gauza gehiago egiteko gogoa sartzen zaizu”, adierazi du Haitz Urtxegik. Esaterako, mahai bat eginez proiektua osatzea ondo legokeela aipatu du Bidasoako ikasleak, egunero erabiltzen diren objektuak izanda, are bereziagoa baita horiek zuk zeuk eginak direnean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude