Olaberria bailara babesteko plan berezia ezagutarazteko erakusketa inauguratu da gaur

José Antonio Santano Irungo alkatea eta Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkaria Olaberria Bailara babesteko plan bereziari buruzko erakusketaren inaugurazioan izan dira gaur.

Berriki eman zitzaion planari hasierako onespena, eta urrats garrantzitsua izan da. Gainera, eremu hori kontserbatzeko eta hobetzeko azkenaldian egin diren beste ekimen batzuk gehitu behar zaizkio, narriatutako espazioak berreskuratzea, funtsean. Olaberrian ireki berri den erakusketa hau beste pauso bat da ekimena herritarrengana eramateko eta haren ildo nagusien berri emateko.

Santano alkateak azaldu duenez, «planak bat egiten du gure landa-eremuko berdegune garrantzitsuenetako bat babesteko dugun konpromisoarekin. Hiri gutxik esan dezakete gaur egun Olaberria bailara bezalako espazio bat dutela hirigunearen ondoan. Aukera ugari eskaintzen ditu jardueretarako, modu jasangarrian, espazioa sustatzeko, hala nola lehen sektorea bultzatzea, besteak beste. Erakusketa honekin, alde batetik, aberastasun hori ikusarazi nahi dugu eta, bestetik, planaren eta bertan jasotako jarduketen helburuak sozializatu».

Azaroaren 5era arte, Olaberrian
Erakusketak zenbait panel ditu. Horien bidez, eremuaren ezaugarri nagusiak eta ekimenaren helburuak azaltzen dira. Euskarri grafikoen laguntzarekin, galdera hauei erantzun nahi zaie: zer da plan berezia? Zer irizpide ditu eta zer helburu lortu nahi ditu?

«Interesa duten irundarren informazio hori guztia eskura izatea nahi dugu, gure iritziz planaren funtsezko alderdiak zeintzuk diren argi izan dezaten. Ondare-balioaz ari gara, jakina, baina baita Irun osoari zer eskaini diezaiokeen ere, hala nola familiarekin edo lagunekin gozatzeko espazio gehiago, betiere hiri jasangarriago bat izateko dugun proiektuarekin bat etorrita», adierazi du Miguel Ángel Páezek.

Erakusketa Montes Iturrioz eskola zaharretan dago, Estebenean (Olaberriko errepidea, 55) eta irekita egongo da urriaren 17tik azaroaren 5era bitarte, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 15:30etatik 19:30etara, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara.

Panelez gain, ekarpenak egiteko kutxa bat ere egongo da. Bisitari guztiek aukera izango dute, horrela, inprimaki bat bete eta Udalari ekarpenak, iradokizunak, iritziak, proposamenak eta abar helarazteko. Horrez gainera, erakusketaren lekuraino joaterik ez dutenentzat, astelehen honetatik aurrera espazio berezi bat egongo da Udalaren webgunean, erakusketari buruzko informazioa emateko. Hirigintza arloko geolokalizazio zerbitzuak prestatu du, sail horretara sartzen diren pertsonek aukera izan dezaten dokumentua kontsultatzeko, argazkiak eta mapak ikusteko eta galdetegi bat beteta iritzia emateko.

Planaren jarduketa-ildoak
Dokumentu honetan ezartzen dira bailara babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko funtsezko jarduketa-ildoak. Lehenik eta behin, lehentasun gisa ezartzen da hiri-antolamenduko plan orokorraren antolamendua osatzea, elementu naturalak, eraikinak, elementu arkeologikoak eta paisaia babesteko arauen bidez, Olaberriko biodibertsitatea eta gainerako elementuak kontuan hartuta. Kontuan izan beharreko beste faktore bat da lehen sektorearen sustapena, elkarrizketetan jaso bezala.

Gainera, plan berezian bide publiko nagusiak identifikatzen dira eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen sare bat egituratzen da, zenbait mailatan antolatuta. Bailarako intereseko elementuak lotzen dituzte, eta ondarearen balioa indartzen.

Bideak errazago erabiltzeko eta horietaz gozatzeko, beharrezko seinaleak jartzeko aukera jasotzen da planean, eremuaren ondarearen aberastasuna ezagutzera emateaz gainera. Bestalde, Estebeneko errepidearen segurtasunaren hobekuntza ere jaso da dokumentuan. Plan bereziak zirkulazioa lasaitzeko jarduketak proposatzen ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen departamentuarekin adostu beharrekoak, erakunde horrek baitu aipatutako errepidearen gaineko eskumena.

Plan bereziak ezartzen du zer eraikin, instalazio eta erabilera diren landa eremuaren kontrakoak. Bestalde, zona narriatuak edo jarduera desegokikoak identifikatzen dira. Azken horiek tratamendua behar dute edo egokitu egin behar dira, eta 4 urteko epea ezartzen da lekualdatzeko, desegiteko edo kasuan-kasuan erabakitzen den formula aplikatzeko.

Uruneko putzuak
Azkenik, beste elementu garrantzitsu bat da Ernesto Monteroren hiltegian erabili ziren putzuak saneatzea, espazio horiek berreskuratzeko berriki eginiko urratsen barruan. Putzuak magal batean dauden, mailakatuta, errekasto batzuen artean (Malkorra edo Epele mendebaldean eta Iturri ekialdean). Zuzeneko sarbidea dute GI-3152 errepidearen bidez, eta aurreko mendeko 80ko hamarkadan eraiki ziren, hiltegiko abeltzaintza-jarduerak sortutako mindak depuratzeko.

Horrekin lotuta, gogora ekarri behar dugu 2020an, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatearen eta URA Uraren Euskal Agentziaren hitzarmenari esker Uruneko putzuak (Monteroko putzuak) kutsaduraz garbitu zirela, Olaberria bailaran. Jarduketa hark 1,5 milioiko aurrekontua izan zuen, eta funtsezko urratsa izan zen eremua berreskuratzeko lanetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude