Hogeigarren aldiz jokatzen ari dira asteotan goma paletako Txingudi Txapelketa,
Ramuntxo Berri Trinketean. Estatuko lehiaketa “garrantzitsuenetarikoa” da,
antolatzaileen eta parte-hartzaileen ustez. Hamahiru bikote hasi ziren txapelketaren lehen mailan, eta hamar, bigarrenean. Bikote horietako partaide gehienak
irundarrak dira, Kurpil edo Ramuntxo elkarteetakoak. Ander Monserrat hogeita bat urte dituen Ramuntxoko jokalaria da.
Finalerdietarako entrenatzen ari da Monserrat. Gaur prestaketa-partidatxoa jokatuko du, beste hiru taldekiderekin batera. “Normalean bakarka entrenatzen dugu, kolpe berdinak errepikatuz. Bi bikote elkartu eta elkarren aurka aritzea asko eskertzen dugu”, baieztatu du.
Pozik dago orain arte Txingudi Txapelketan egindako lanarekin. Lehiaketa berezia da harentzat: “Batetik etxekoa delako, Ramuntxok antolatzen duelako. Baina, gainera, maila handiko txapelketa da”. Euskal Herriko bikote onenak biltzen dira Txingudin, Ramuntxo Berri Trinketean. Ipar Euskal Herriko jokalariak dira eskarmentu handiena dutenak. Tradizio handiagoa du trinketeak Bidasoa ibaiaren beste aldean. “Haiekin entrenatuz ikastera joan nahi izan dugu askotan, baina diru-laguntzarik gabe zaila da asmoak aurrera eramatea”, azaldu du Ander Monserratek.
Hegoaldeko ertzean, irla modukoa da Irun. Gipuzkoan ez bezala, trinketean jokatzeko “afizio handia” dagoela gogoratu du Monserratek: “Aurtengo Gipuzkoako Txapelketan, zortzi bikoteak irundarrak izan dira”.
Lau trinkete daude gaur egun Irunen. Zazpi urte bete dituen Ramuntxo Berri Estatuko azpiegitura onenen artean dago: “Iruñean, Mendillorrin dagoen trinketea da onena, eta hau bigarrena izango litzateke. Irunen trinketean ari garenontzat salto handia ekarri du, mailari dagokionean”. Bi elkarte dira trinketea lantzen dutenak: Kurpil Kirolak eta Ramuntxo Trinkete Elkartea.
“Helduen artean, batez ere, lehia handia dago. Baina oso harreman ona daukagu, giro polita sortzen da bi elkarteen artean”, aipatu du Ander Monserratek. Gaintxurizketaz harago, jende askok ez du trinketea ezagutu ere egiten: “Frontoian aritzen zen Hernaniko bikote batek trinketean eman zuen behin izena, nahi gabe. Ikaragarri gustatu zi-tzaien”.
Irundik mundura
Aitaren eta aitonaren urratsak jarraitu zituen Ander Monserratek trinketearen munduan murgil-tzeko. Futbolean jokatzen zuen txikitan, baina aitak trinkete partidak ikustera eramaten zuen larunbatetan. “Behin probatzeko sartu nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Frontoikoa baino joko bizkorragoa da, aukera gehiago eskain-tzen ditu”.
Gaur egun Bidasoan eskubaloian ari den Iñaki Susperregirekin eman zituen lehen pausoak: “Berarekin hasi nintzen, eta eskerrak, nire adineko beste jokalaririk ez zegoelako. Txapelketa asko jokatu genituen bikote moduan. Ia dena irabazten genuen”. Susperregik ez bezala, Monserratek aurrera egin zuen trinketean. Gipuzkoan, Euskadin eta Espainian onenen artean aritu ondoren, Ozeano Atlantikoa gurutzatu zuen.
Uruguain, Argentinan eta Mexikon egon da Ander Monserrat, trinketeko jokalari onenekin lehiatzen. Amerikan jokamolde ezberdina dutela nabarmendu du irundarrak: “Material biziagoa erabiltzen dute, eta trinketeak ere azkarragoak dira. Gainera fisikoki gu baino sendoagoak dira”. Hala ere, munduko laugarren izatea lortu zuen joan den urtean 22 urtez azpiko mailan, Ramun-txoko Gorka Pablos bikotearekin. “Pena izan zen, domina eskura geneukalako; baina txapelketa ederra egin genuen”. 2015ean ere Pablos izango du ondoan. Bikote gaztea osatuko dute Ramuntxoko irundarrek: “Argentinan jokatuko den Munduko Koparako sailkatzea izango da gure helburua”. Irungo trinketea mundu mailako podium batera eramaten ahaleginduko dira.