Santiagotarrak klubeko kirolariak denboraldi berriak dakarrenaz gozatzeko prest daude

Badira kirol denboraldia ikasturtearekin batera hasten duten klubak. Besteak aldiz, urte hasierarekin itzultzen dira lehiara. Horixe da hain zuzen Santiagotarrak klubaren kasua. Abenduaren 12an aurreko denboraldiaren emaitzak errepasatu eta 2025eko denboraldia aurkezteko ekitaldia izan zuten. Horren ostean, Jone Otaño klubeko idazkariak azaldu du kluba osatzen duten 3 sekzioak prest daudela denboraldi berriak dakartzan erronkei ekiteko.

“Jendea guregana hurbiltzea nahi dugu, txikitatik gurekin batera Bidasoa ibaiaz gozatzen ikasteko”

Klubean denboraldi berriari ekiteko gogotsu zaudete?

Ba bai. Urtero bezala, abenduan 2025eko denboraldiaren aurkezpena egin genuen eta argi geratu zen iaz emaitza oso onak lortu genituela. Batzuk bidean geratu ziren, adibidez, Klara Olazabalen olinpiadak. Beti esaten dugun bezala, guk gogor entrenatzen dugu eta batzuetan ateratzen da eta bestetan ez. Azkenean, egindako lan guztia da kontutan izan behar dena. Beraz, pozik gaude eta datorren urtean berdin jarraitzea espero dugu, indartsu gatoz eta.

 2024aren balorazioa eginez gero, aurten zer lorpen errepikatu nahiko zenukete?

Lehen, adibidez, oso markatuak genituen 3 sekzioetako txapelketak. Gaur egun ordea, sekzio guztietan txapelketa pilo bat dauzkagu eta modalitate berri asko ateratzen ari dira, beraz, ezingo nuke bakarra aipatu. Lehenengo aldiz emakumeen zortziko batek Londresen parte hartu zuen oso ezaguna den txapelketa batean. Beraientzat oso esperientzia polita izan zen eta klubarentzat aurrerapauso bat suposatu zuen. Beraz, datorren urteari begira ahal den txapelketa guztietan parte hartzen jarraituko dugu, nahiz eta ekonomikoki eta baliabide aldetik ezberdina izan. Hala ere, ahalik eta txapelketa gehienetan parte hartzen saiatuko gara, baita Londresen ere.

2025eko denboraldirako kirolari asko dituzue?

Bai. Hala ere, nabaritzen ari gara urtetik urtera kirolari berriak lortzea kostatzen zaigula. Nik uste kirol guztietan gertatzen ari den zerbait dela. Kirol talde asko daude eta inguruan geroz eta eskaintza gehiago dago, beraz, zailagoa da kirolariak erakartzea. Udako ikastaroak oso garrantzitsuak dira guretzat, pixkanaka harrobira jende berria batzeko aukera ematen digutelako. Urtero moduan haur berriak batu dira eta harrobi polit bat dugu.

Dagoeneko denboraldia prestatzeko lanak hasi dituzue?

Guk klubean hiru sekzio ditugu: arrauna, ur biziak eta ur lasaiak. Txapelketak dituzten lehenengoak eskolarrak izaten dira, klubeko txikienak. Orain udazkenean hiru txapelketa dauzkate, bai ur lasaietan eta bai ur bizietan eta jada bi egin dituzte. Arraunekoak orain hasi dira txapelketekin, lehen jaitsierak egiten eta urtarrilean beste bi edo hiru izango dituzte. Beraz, arraunlariak dira denboraldia hasten duten lehenengoak eta baita denboraldia bukatzen duten lehenengoak ere. Gero ur lasai eta ur bizietako kirolariei iritsiko zaie lehiatzeko unea.

“Udako ikastaroak oso garrantzitsuak dira guretzat, pixkanaka harrobira jende berria batzeko aukera ematen digutelako”

Aurtengo denboraldiari begira, ba al duzue helburu zehatzik begi-bistan?

Ezer berezirik ez. Orokorrean, gure filosofiarekin jarraitu nahi dugu lanean. Jendea guregana hurbiltzea nahi dugu, txikitatik gurekin batera Bidasoa ibaiaz gozatzen ikasteko. Emaitzetatik haratago, jada hori lortzen badugu pozik gaude; kirolariek gutxienez esperientzia hori eramatea nahi dugu. Piraguan, arraunean edo egiten duten modalitatean gozatzea nahi dugu.

Klubeko sail desberdinetan goi mailako kirolariak ere badituzue. Horietakoren batek aurten emaitza berezirik lortzea espero duzue?

Bai, azkenean, klubean dauzkagun sekzio guztietan denboraldiko helburu nagusia sekzio bakoitzeko talde nazionalean sartzea da. Gero, aurrerago jakinarazten da aukeratutako kirolari horiek zein txapelketatan, non eta noiz lehiatuko diren, oraindik txapelketen zerrenda ez baita zirriborro bat baino. Arraunean, adibidez, Naroa Zubimendi Estatu Batuetan dugu eta baita Leire Navaridas, iaz talde nazionalean parte hartu zuena. Ur lasaietan Malen Juaristi dugu, kanpoan ikasten eta entrenatzen dabilena. Nerea Garciak ere hor jarraitzen du eta Uxue Arsuaga aurten ere Sevillan dago. Ur bizietan berriz, Klara Olazabalek topera jarraitzen du eta Oier Díaz Katalunia aldean dugu. Horiek guztiak txapelketetan gurekin lehiatzen dira, munduko leku guztietan barrena sakabanatuak dauzkagun arren. Haiei esker ziur aurten ere sailkapenen gorenera iristea lortuko dugula.

Aurreratu diguzun moduan, aurten ere Londreseko “Women‘s Eight Head of the River Race” txapelketan parte hartzeko asmoa duzue berriro?

Bai, hori da gure asmoa. Horretarako, San Tomas egunean txosna jarri genuen Urdanibia plazan, dirua biltzeko asmoz. Arraunlariak bertan lanean egon ziren, honelako txapelketek, aukera polita diren arren, ekonomikoki diru asko suposatzen baitute. Klubarentzat zein beraientzat bertan egotea oso garrantzitsua da. Guretzat ohore handia suposatzen du. Beraz, bai, beraiek hor egoten saiatuko dira.

Hemendik epe laburrera, zeintzuk izango dira klubak parte hartuko duen hurrengo txapelketak?

Gure hurrengo txapelketa arraun sekziokoa izango da. Hain zuzen ere, hemen Bidasoa ibaian egingo den banku mugikorreko jaitsiera. Hurrengo jaitsiera horiek abenduaren 28an eta urtarrilaren 12an egingo dira.

Denboraldia hasi berria duzuen arren, ba al dago oraindik klubera batzeko aukerarik?

Guk normalean neguan, kakotxen artean, klubeko ateak itxita izaten ditugu. Azken batean, negua oso urtaro gogorra izaten da kirol hauetan aritzeko. Beraz, jendeak ezagutu nahi gaituenean, udako ikastaroetara etortzea gomendatzen diogu, beroarekin udan ondo pasatzea errazagoa delako. Orduan ura orain baino epelago dago. Behin hori ezagututa eta disfrutatuta, neguan sufritzeko prestatuagoak egoten dira. Hala ere, guk urte osoan zehar eskaintzen dugu gure ekintzetan izena emateko aukera. Ikastaroez gain, nahi duena nahi duenean guregana etorri daiteke piragua bat alokatu eta Bidasoa ibaian barrena ibiltzeko. Urte osoan zehar ere eskaintzen dugu Bidasoa ibaiaren jaitsiera egiteko aukera. Beraz, hor nonbait oraintxe bertan gurekin harremanetan jari nahi duen ausartik badago, ez dezala bitan pentsatu eta etor dadila guregana, hementxe aurkituko gaitu eta.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude