Avenida zubia itxi dute berriro

Joan den astelehenean Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren aginduz Frantziako Tourra zela-eta ireki ondoren, gaur goizean, Avenida zubia berriz itxi dute Hendaiako aldetik. Hori dela eta, Irungo alkate José Antonio Santano eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarro berriro bildu dira zubian, neurria ez dutela ulertzen adierazteko.

“Ez dugu ulertzen erabakia”, deitoratu dute alkateek. “Bidasoaren gaineko muga horretan gertatzen ari dena XXI. mendeko Europan zentzurik ez duen anomalia bat da, eta ez dugu inolako justifikaziorik ikusten pertsonen joan-etorria eragozten jarraitzeko, areago 500 kilometro luze den mugan horrelako beste kasurik ez dagoenean”.

Hainbat eskaera egin dituzte bi hiriek 2021. urtearen hasieratik, orduan itxi baitzen zubia. “Onartezina da egin dutena; izan ere, bi urtetik gora itxita eduki ondoren, atzo ireki egin zuten, eta gaur, berriz itxi dute erantzuteko batere astirik eman gabe”.

Bi alkateek azaldu dute ez dutela ulertzen, eta adierazi dute irekitzeko eskatzen jarraituko dutela, eta urrats gehiago egingo dituztela. Santanok eta Ecenarrok ez dute baztertzen maila sozial eta politikoan beste aldarrikapen batzuk egitea, “Irungo eta Hendaiako bizilagunak iraintzen dituen erabaki lotsagarri hori konpontze aldera”.

Egoera hau salatzeko, elkarretaratze batera deitu dute. Ostiralean, uztailak 7an, 18:00etan izango da Avenida zubian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude