20.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute Eguberrietan Irunen antolatu diren planez

Eguberrietako kanpainaren lehen azterketa egin ondoren, 2023ko Gabonen balantzea egin da. Cristina Laborda Irungo alkateak, Miguel Ángel Paez lehen alkateordeak, Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak eta Sergio Javier Gazteriako ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur udaletxean. Bidashop merkatari-elkarteko ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan.

Cristina Laborda alkatea pozik agertu da, eta Eguberrien oso balorazio positiboa egin du: “Aurreko kanpainaren arrakastaren ondoren, hura gainditzeko asmo handiko helburua jarri genuen. Abenduko eta urtarrileko asteetan izan genituen sentsazioekin, pentsatzen genuen lortu genuela, eta orain datuak eskuan ditugula, baietz esan dezakegu: 20.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute udalak programatu dituen jarduerekin. Kopuru horretaz aparte, milaka lagun izan ziren adibidez Burrunba txarangarekin bat egitera, San Tomaseko azokara edo Eguberrietako azokara bertara ere, besteak beste”.

Aurtengo Eguberrietan, Irun da plana” lelopean, abenduaren 1ean argiak piztuta hasi zen programa, eta urtarrilaren 7an, amaitu zen, igandearekin, Ama Xantalengo ermitara bisita gidatu bat eginda. Urtero bezala, Errege Kabalgatako ohiko desfilea izan zen jarduera garrantzitsuetako bat. Alde horretatik, Labordak eskerrak eman nahi izan zizkien hori guztia ahalbidetu zuten guztiei: “Aurten eguraldia ez zen aldekoa izan Errege Magoekin, baina, euritan eta kazkabarretan, inoiz ahaztuko ez dugun kabalgata bat gozatu genuen. Umeen eta ez hain umeen magia eta ilusioa nabaria zen, eta oso harro nago Irunek kabalgata aurrera atera zuelako. Horregatik, bihotzez eskertu nahi diet bai entitateei bai espaloietara hurbildu ziren herritar guztiei eguraldi txarrari aurre egin eta aurten ere espaloiak eta San Juan plaza bete zutelako Errege Magoen diskurtsoak entzuteko. Zuoi guztioi esker gozatu ahal izan genuen urteko gaurik magikoena”.

Eta ildo beretik, alkateak Olentzero eta Mari Domingi hirira etorri izana ere eskertu zuen, aurten ere poza eta ilusioa banatu baitzituzten txikienen artean.

Aurten nobedade izan diren proposamenen garrantzia nabarmendu du Labordak; esaterako, Pio XII plazako karpa. Horri esker, milaka nerabek eta gaztek aire-tailerrak, eskulanak, gaming eta errealitate birtualeko gune bat eta abar gozatu ahal izan dituzte. Nabarmentzekoa, era berean, San Juan plazaren eta Colón ibilbidearen inguruko kale-animazioa, egunero izan baitira kale-ikuskizunak, hiriko txoko bakoitza musikaz, argiz eta kolorez betetzen.

Alde horretatik, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie gustu guztietako jende ororentzako jarduera-programa bat prestatzen eta gauzatzen parte hartu duten herritar, elkarte eta toki-erakunde guztiei. Haur-ludoteka gozatu duten txikienetatik hasita, Gabonetan Gogoz programa gozatu duten zaharrenetaraino izan baita gozatzeko aukera: “Kanpaina irundarrei eta bisitariei begira prestatzen da, baina guretzat ezinbestekoa da bertakoek parte hartzea. Oso aukera garrantzitsua da artista eta elkarte askorentzat,  beren lanak milaka lagunen aurrean aurkezten baitituzte. Erakusleiho paregabea da, eta mantendu egingo dugu hurrengo edizioetan ere”.

Azkenik, lehen alkateorde Miguel Ángel Paezek bat egin du alkatearen esker onarekin, eta kanpainak hiriko hiri-ekonomian duen garrantzia azpimarratu du: “Asmoa zen Eguberrietan hiriak azken urteotan izan duen erakargarritasuna bultzatzea bertako merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat pizgarri bat izan zedin. Esan dezakegu lortu dugula; izan ere, hilabete osoan zehar, milaka pertsonak, bertakoek zein bisitariek, ehun jarduera inguru gozatu ahal izan dituzte, hiriko eta auzoetako kaleak animatuta eta dinamizatuta egon baitira.

Kanpaina, zenbakitan

Eguberrietako jarduera-programak errekor guztiak hautsi ditu. Nabarmentzekoa, beste urte batez, Luis Marianoko eta Sarjia parkeko izotzezko bi pistak eta Anzarango txirrista erraldoia. Guztira, 11.200 lagun baino gehiago ibili dira hiru instalazio horietan, eta, batzuetan, txartelak agortu egin dira.

Aipatzekoa da Sargia parkeko izotz-pista, aurten ere harrera beroa izan du eta. Era berean, ludotekak eta tirolinak ere oso harrera ona izan dute. Zehazki, 770 umek hartu dute parte karpan programatutako jardueretan, eta batez beste egunean 150 haurrek gozatu dute haurrentzako ludoteka-zerbitzua.

Milaka pertsonak gozatu ahal izan dute Eguberrietako ohiko azokaz. Aurten, 19 etxola jarri dituzte, eta eskaintza zabala izan da gastronomian, artisautzan eta dekorazioan, eremu idiliko batean, hor izaten den argiztapenagatik, irundarren espazio gustukoenetako bat izaten da.

Aurtengo nobedade nagusietako bat Pio XIIko karpako jarduera izan da, oso harrera ona izan baitu jendearen aldetik. Guztira, 600 lagun inguruk parte hartu dute instalazio horretan programatutako tailerretan, eta askotariko gaiak landu dituzte: lore-sortak, txokolatea berraurkitzen eta bakarrizketak.

Oso Eguberri gaztea

Gazteen ikuspegitik, Pio XIIko karpa erreferentzia bihurtu da Eguberri hauetan hiriko nerabe eta gazteentzat. Programazioari dagokionez, nabarmentzekoa da abenduaren 26ko Gaming espazioa, Mario Kart txapelketarekin. Horri esker, gazteek bideo-jokoez gozatu ahal izan zuten lagunekin. Beste mota bateko proposamenetarako ere lekua izan zen, hala nola zirku-tailerretarako. Horiek oso harrera ona izan zuten gazteen artean eta 200 lagun inguru bildu ziren. Azkenik, abenduaren 29ko Urban Date aipatu behar da. Jarduera horrek giroz bete zuen karpa BeatBox erritmoan, eta gazte asko bildu zituen.

Pio XIIko karpa programazioaren eszenatoki garrantzitsu bat izan den arren, Martindozeneko Gaztelekuak eta Artiakoak ere jarduerez, tailerrez eta txangoez betetako programazio bat prestatu zuten. Azpimarragarrienen artean, hirian zeharreko misteriozko gynkana izan zen; izan ere, bi gaztelekuetako nerabeek elkarrekin gozatu ahal izan zuten jardueraz. Scape Room-ak eta pijamak diseinatzeko tailerra ere arrakastatsuak izan ziren. Hainbeste, non sarrera guztiak agortu ziren. Abenduaren 30eko Artiako Gaztelekuko urte-amaierako festan 70 gazte bildu ziren, eta gogotik egin zioten agurra urteari, DJ set, photocall bat eta galazako merienda bat eginda.

Guztira, mila nerabe eta gazte inguruk hartu dute parte GazteArteaneko jardueretan. Zifra horiek, zalantzarik gabe, kanpaina arrakastatsu baten isla dira. Horrela azaldu du Sergio Javier Gazteriako ordezkariak: “Pozik gaude Gabonetan egindako jardueren balantzearekin. Zifrak oso onak izan dira, baina azpimarratu nahi dugu gure ikuspegia zenbakietatik haratago doala. Elkarrekin lan egiten dugu gazteen proposamenekin, giza dimentsioari balio erantsia emanez, pertsonen arteko harremanei bide emanez, gazteriari hainbeste eragiten dion nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko “.

Gabonetan Gogoz

Zalantzarik gabe, Irungo plana gazte askok aukeratu dute, baina adineko pertsona askoren plan gogokoena ere izan da. 600 pertsona inguruk gozatu dute Gabonetan Gogoz programako jarduerez. Programa horren helburua da Eguberrietan hiriko espazio sozialak animatzea eta txapelketak-eta egiten dira (kartak, bingoa, partxisa…), eta kontzertuak eta dantza-ikuskizunak ere bai, eta urte-amaieran, dantzaldia.

Kultura-programazioak, arrakasta handia

Kultur programazioari dagokionez, Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak balorazio “oso positiboa” egin du, bai antolaketari dagokionez, bai publikoaren parte-hartzeari dagokionez: “Kultura arloan lanean jarraituko dugu hurrengo edizioa aurtengoa bezain arrakastatsua edo arrakastatsuagoa izan dadin, betiere hobetu nahian eta proposamen bakoitzean ikuspegi inklusiboa txertatuz”.

Programaren barruan, nabarmendu behar da oso babes eta harrera ona izan zutela kale-ikuskizunek; izan ere, milaka bizilagun bildu zituzten. Era berean, Burrunba Elektrotxaranga ere nabarmendu behar da, hiri osoa jarri baitzuen kantatzen eta dantzatzen.  Amaia KZ eta Oiasso Museoa berriz ere leku onak izan ziren Eguberriez gozatzeko, hainbat jarduera egin baitzituzten, hala nola Gabonetako ongintzazko kontzertua, Rotary Club eta Ametsa Abesbatzaren eskutik, eta, bestalde, “Harry Potter y la Cámara Secreta” eman zuten, Bizinemak eta Txikis del Bidasoa elkarteek antolatuta, sarrera guztiak agortu ziren. Nabarmentzekoa izan da, halaber, Brodas Brosek antolatutako “Around The World” ikuskizuna. 300 lagun inguru bildu zituen Amaia KZn.  Oiasso Museoari dagokionez, “Arkeolab” arkeologia-tailerra, eta, horrekin batera, mosaiko eta kasko erromatarren tailerra oso arrakastatsuak izan ziren berriz ere umeen artean. “El Arte de Amar” ikuskizuna ere bai, 50 gazte eta heldu baino gehiago bildu zituen eta. Irugurutzetara antolatutako bisita gidatuak ere oso ondo hartu zituzten irundarrek eta beste udalerri batzuetako bisitariek. Bestalde, Menchu Gal aretoak ere leku bat egitea lortu du irundarren Eguberrietako planean, zenbait proposamen eginda, hala nola, arte tailerrak. Horiek bete-bete egin ziren, eta itxarote-zerrenda bat ere sortu zen.

Herritarren iritzia

Behin eguberri-jaiak bukatuta eta etengabe hobetzeko apustuan, iaz dagoeneko egin zen telefono bidezko inkesta bat. Inkestaren helburua da herritarrek zer iritzi duten jakitea antolatutako jarduera nagusiei buruz eta hiriko eguberri-apaingarri eta -argiei buruz. Aurtengo inkesta urtarrilaren 10ean hasi zen, eta urtarrilaren 17ra arte iraungo du.

Datu kuantitatiboetatik haratago, alkateak balorazio orokor bat egin du, esanez: “egun ahaztezinak bizi izan ditugu. Abenduan eta urtarrilean, hiriko kaleak entretenimenduz eta dibertsioz bete dira, hainbeste espero zen jende ororentzako jarduera-programa berezi baten bidez, eta jende ororentzako izateak lagundu egin du hiri osoa animatzen eta dinamizatzen.  Irteteko gogoa eta giro ona sentitu dira dendetan, azoketan, tabernetan eta abarretan ere, eta bete egin dira, Eguberrietako giro paregabea gozatzeko. Horrek guztiak lagundu egin du familia askok, bertakoek zein bisitariek, Eguberriak gozatzeko Irun aukera dezaten. Badakigu oso zaila izango dela hori guztia gainditzea, baina hemendik aurrera lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, datorren urteko kanpaina berriro ere harrigarria izan dadin eta Irun Eguberrietako plan gogokoena izan dadin”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude