Amaia KZak Shanin Olaguibel bizitza errepasatzen duen erakusketa hartuko du martxoaren 31ra arte

Irungo Udaleko Kultura arloak “Ringetik Hollywoodera. Shanin Olaguibel. Irundar ibiltaria” erakusketa antolatu du Amaia KZn. Erakusketan, Shanin Olaguibel irundarraren bizipenak erakusten dira, argazkiak, kartelak, fotokromoak, publizitate-gidak, esku-programak, egunkari eta aldizkarien azalak edo No-Doren irudiak bilduz. Erakusketa ostiralean hasiko da, urtarrilaren 18an, 19:00etan, eta martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai. Gurutz Albisu izan da erakusketa dokumentatzeko arduraduna, eta bisita gidatuak eskainiko dira, eta unean-unean emango da horien berri.

Erakusketa biografiko horrek pertsonaia geldiezin horren alderdi profesionalak erakusten ditu. Lehen zatian, haren bizitzaren errepaso sakona egiten da, eta gero zehazkiago lantzen dira boxeoan zein borroka librean izandako ibilbidea. Ardatz nagusian, aktore gisa egindako lana erakusten da. Bide horretan, zinemaren historiako zuzendari eta antzezle ospetsu ugarirekin batera egin zuen lan.

Argazkiak, borrokaldien programak, kartelak, fotokromoak, publizitate-gidak, esku-programak, egunkari eta aldizkarien azalak, No-Doko irudiak erabiliko dira, bestak beste, Irunen Xanin izenez ezagutzen zuten irundar jatorraren bizipen zabal eta sendoak ezagutzeko.

Shanin Olaguibel (1908-1983) ezezagun handia

Irundar ahaztua, eta ezezaguna ere bai. Hemezortzi urterekin etxetik alde egin zuen, boxeo-izar bihurtzeko desioarekin.  Parisera joan zenetik, lesio ezegokiren bat edo besterengatik izan ezik, ia ez zen jaioterrira itzuli, 1970ean berriz ere Irunen bizitzera itzultzea erabaki zuen arte.

Hamabi soken kirolak Ipar Amerikara eraman zuen, eta bertan bere fisiko sendoak Hollywoodeko estudioetako bideak ireki zizkion. Borroka librea probatzeko tentazioa izan zuen, eta hogei urte eman zituen jarduera profesional horretan. Aintzatespena eman zion, eta, horri esker, Amerikako eta Europako ia herrialde guztiak ezagutzeko aukera izan zuen.

Zinemagintzaren gune nagusian izandako esperientzia atzean utzita berrogeita hamarreko hamarkadan Espainiara itzuli zenean, zazpigarren artean jardun zuen berriz ere biziki. Bigarren mailako roletan aritu zen beti, izar handien itzalpean, baina filmografia txukun bat osatu zuen: berrogeita hamar film baino gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude