Irunek hirian erabilera anitzeko pabiloi handi bat eraikitzeko apustua egin nahi du

Udalak Irunen erabilera anitzeko pabiloia bertan eraikitzeko ezaugarri urbanistikoak eta ekonomikoak aztertzeko azterlan ikerlan bat enkargatu du. Kokaleku aukeratua Ficobako parkinga izango litzateke. Izan ere, bertako lurzorua kirol instalazioetarako lurzorua da jadanik eta Plan Orokorreko alde bakarra aldatu beharko litzateke bertan egin ahal izateko.

Duela aste batzuk, Gipuzkoak behar duen erabilera anitzeko pabiloia hirian kokatzeko interesa adierazi zuen Irungo Udalak. Horrela, instalazioa CD Bidasoaren partiden egoitza izan liteke, baita gaur egun lurraldean antolatu ezin diren kultur ekitaldi handiak antolatzeko bidea ere.

Bertan kokatuko litzatekeen instalazioak 10.000 lagunentzako ekitaldiak har litzake, baita 5.000 ikuslerentzako estalpeko kirol partidak ere, eta, gainera, 700 bat ibilgailurentzako lurpeko parking bat ere izan lezake. Ficobako bertako aparkalekuak gehituta, guztira, ia 1.000 aparkaleku izango lirateke.

Irungo alkate José Antonio Santano, lehenik eta behin, udal talde politiko guztiekin harremanetan jarri da, proiektuaren behin-behineko zenbatekoen berri emateko. Instituzio mailan, berriz, Santanok Kulturako eta Kiroletako foru diputatu Maria José Telleríari helarazi dio proiektua, Foru Aldundiak instalazioa sortzen lagundu dezan, lurralde osoari zerbitzu egingo bailioke. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzako Kulturako eta Kiroletako sailburu Bingen Zupiriarekin biltzekoa da.

Ministroarekiko bilera

Elkarrizketen esparruan, Irungo alkatea Kulturako eta Kiroletako ministro Miquel Icetarekin bildu da, instalazioa hirian kokatzeko interesaren berri emateko, kirol ekitaldi handien egoitza eta Espainiako eta nazioarteko eskubaloi talderik handienetako baten partiden jokalekua izan bailiteke, CD Bidasoarenena alegia, eta Icetak Kirol Kontseilu Gorenarekin harremanetan jartzeko aukera eskaini dio, elkarlanean aritzeko bideak urratzeko eta pabiloiaren ezaugarrien diseinuak goi mailako instalazio batenak izatea eta egungo txapelketen eskakizunak betetzea bermatzeko.

Era berean, Santanok CD Bidasoari helarazi dio informazioa, Zuzendaritza Batzordearekin egindako bilera batean, Artalekuk laster txapelketa batzuetarako gutxieneko eskakizunak betetzeari utziko dionez taldeak instalazio berrian jokatuko bailuke. Gainera, Euskadiko eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioetako lehendakariei helarazi die, baita Espainiakoari ere, Francisco Blázquezi, pabiloi berriak hirian nazioarteko lehen mailako eskubaloi ekitaldiak antolatzeko emango lituzkeen aukeren berri emateko.

Aurrerago, Irunen horrelako proiektu bat gauzatzeko interesa izan lezaketen eta hartaz balia litezkeen beste kirol eta kultur entitate batzuekin biltzekoa da alkatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude