“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak gogor salatu eta gaitzetsi du Luis Marianoko lorategietan jarritako argazki-erakusketaren aurka izandako eraso bandalikoa. Erakusketa 1936ko estatu-kolpearen 90. urteurrenaren harira antolatu da, azaroaren 14tik 22ra Luis Marianoren lorategietan. Irungo Errepublikarren Elkarteak zabaldutako komunikatu batean salatzen denez, erakusketa erasotua izan da, argazkien panelak suntsituz.
Erakusketa 1936 urteko Irungo irudiak biltzen ditu, Errepublikaren legezkotasuna defendatu zutenak eta kolpe militarraren, gerraren, suntsipenaren zein errepresioaren ondorioak jasan zituzten herritar guztiak gogoratzeko asmoz.
Elkarteak plazaratutako komunikatuan adierazi duenez, gertaera hauek gogoratzea “ez da zauriak berriz irekitzea, egia berreskuratzea eta biktimak duintzea baizik”. Ekintza bandalikoaren egileak nortzuk diren ez dakiten arren, erasoak ordezkatzen duena oso larritzat jo dute, are gehiago hauteskundeen atarian. “Intolerantziaren, autoritarismoaren eta askatasunekiko mespretxuaren ideiek ahalbidetu zuten estatu-kolpea eta ondorengo diktadura frankista”, azpimarratu dute euren idatzian, memoria demokratikoa defendatzearen garrantzia aldarrikatuz.
Era berean, elkarte errepublikarrak ohartarazi du frankismoa ez zela gure historiaren “istripu bat” edo “orrialde isolatu bat” izan, askatasunak ukatu eta beldurra inposatu zuen ideologia faxista baten adierazpena baizik. Egungo testuinguruan ideia horiek justifikatzeko edo zuritzeko dauden diskurtsoak salatu dituzte, eta argi utzi dute erasoek ez dutela euren lana etengo: “Ez gaituzte kikilduko, ez dute gure historia isilaraziko. Panelak apurtu ahal izango dituzte, baina ezin izango dute memoria suntsitu”.



