Turislan enplegu-azokak 220 lan-eskaintza bilduko ditu ostegunean Ficoban 

Turislan, Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azokak, etapa berri bateko lehen edizioa ospatuko du datorren ostegunean, azaroak 19, Irungo Ficoba erakustazokan. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuta eta Ficobak berak antolatuta, jardunaldiak 30 enpresa, erakunde eta elkarte elkartuko ditu, sektorean lan egin edo ibilbide profesionala garatu nahi duten herritarrei 220 lan-eskaintza inguru hurbiltzeko. 2017 eta 2019 urteen artean hiru edizio egin ostean, azokak bide berri bati ekingo dio Gipuzkoan, etorkizuneko hitzorduetan Bizkaira eta Arabara ere zabaltzeko asmoz.

Eskaintzak turismo-jardueraren esparru zabal batera zuzenduta daude, hala nola hotelgintzara, ostalaritzara, ekitaldien antolaketara, garraiora eta turismo-esperientzietara. Interesa dutenek dagoeneko kontsulta ditzakete lanpostuak eta hautagaitzak aurkeztu www.turislan.eus webgunean, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Azoka 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara egongo da zabalik doako sarrerarekin, eta bertaratzen direnek standak bisitatu eta curriculuma zuzenean entregatu ahal izango diete enpresetako ordezkariei.

Edizio honek sektoreko eragile nagusien babesa jaso du: tartean izango dira ADEGI, Gipuzkoako Hotelen Elkartea, APARTURE, AECA, Gipuzkoako Ostalaritza Enpresaburuen Elkartea, ATRAE, Aktiba eta OPCE elkarteak; Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia (Turismo Zuzendaritza eta Talentur) eta Garapen erakundeak; eta IES Zubiri Manteo, CEBANC eta Academia Lacunza prestakuntza-zentroak.

Orientazio saioak

Enpresekin zuzeneko harremana izateaz gain, Turislanek enplegu-aukerak hobetzeko orientazio-saioak eskainiko ditu jardunaldian zehar. «Bereizi zaitez: nola aurkeztu zure profil profesionala» izenburupean, ordubete inguruko bi tailer egingo dira, 12:00etan eta 15:30ean, norberaren indarguneak identifikatzen, lan-elkarrizketak prestatzen eta gaitasun profesionalak eraginkortasunez komunikatzen laguntzeko. Tailerrak doakoak izango dira, eta edukiera mugatua dutenez, iritsiera-hurrenkeraren arabera sartu ahal izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude