Ostiraletik aurrera martxan jarriko da segurtasuna indartzeko Gabonetako Plan Berezia

Irungo Udalak Segurtasun Plan Berezia abiatuko du ostiral honetan, azaroak 28, aurtengo Gabonetako kanpainarekin bat etorriz. Operatiboak, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari esker, poliziaren presentzia indartuko du, jende gehien biltzen den eremuetan eta ardatz komertzial nagusietan patruilatze fokalizatua eginez, aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan egin den bezala.

Cristina Laborda Irungo alkateak eta Iñigo Berges Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako ordezkariak, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako eta merkataritzako BidaShop elkarteako arduradunekin batera, planaren xehetasunak eman dituzte.

Plan Berezi honen helburua da kalean poliziaren presentzia indartzea, delituak prebenitzea — bereziki lapurretak — eta joan-etorri handiko aste hauetan hiriaz gozatu nahi dutenei ingurune seguru eta lasaia eskaintzea. Irungo Udalak dei egiten die herritarrei jaiez arduraz, gizalegez eta errespetuz goza dezaten, gogoraraziz haien kolaborazioa ere funtsezkoa dela jai seguruak izan ditzagun.

Dispositiboa asteburu honetan hasiko da lanean, hirian jende asko biltzen den egun hauetan ebasketak eta ohiko beste delitu batzuk prebenitzeko helburuarekin. Berritasun gisa, bide publikoan zuzenean salaketak aurkezteko aukera emango du Ertzaintzak, tresna informatiko eramangarriak erabiliz, horrela, izapidea erraztuko da eta polizia-zentroetara behar ez diren joan-etorriak saihestuko dira.

Hiriko alkate Cristina Labordaren hitzetan, “beti esan izan dut segurtasuna dela eta izango dela nire lehentasun nagusia. Horregatik, berriro eskertu nahi dut bi gorputzek Gabonetako jai seguruak bermatzeko egingo duten ahalegina. Alkateak nabarmendu duenez, lankidetza eta koordinazioa funtsezkoa da poliziaren presentzia egun hauetan indartzeko. Gabonak ez dira ulertzen hirian elkarbizitzarako espiriturik gabe, eta hori izango da nire helburu nagusia egun hauetan” gaineratu du Labordak.

Segurtasuneko ordezkariak, Iñigo Bergesek, zera adierazi du: “dispositibo honek bilatzen duena da kaleetan lasaiago ibiltzea eta merkataritza, ostalaritza eta herritarrak babestea modu berezian bizi dugun garai honetan. Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako ordezkariak azaldu duenez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioak, patruilak indartzeak, bide publikoan salaketak aurkezteko aukerak eta Babes Zibileko boluntarioen lanak agerian uzten dute Irungo Udalak konpromisoa hartzen duela hiri seguru eta prebentiboa izan dadin, egun hauetan ohikoagoak diren delituei dagokienez”.

Delituak eta iruzurrak saihesteko ikastaroak

Dispositiboaren baitan, Ertzaintzak bi ikastaro emango ditu ostegun honetan, hiriko ostalaritza eta merkataritza sektoreari zuzenduta, delitu zibernetikoak eta iruzurrak prebenitzen laguntzeko. Gainera, bi kidegoek egutegi zehatz bat osatu dute hilabeteko egunik seinalatuenak -Gabonak, San Tomas, Urtezahar gaua, etab.—, bai eta aste hauetan egingo diren kultur eta jai ekitaldi ugari ere atenditzeko. Udaltzaingoak nahiz Babes Zibileko boluntarioek atendituko dituzte, udaletik azpimarratu dutenez haien konpromisoa eta dedikazioa funtsezkoak baitira jarduera horiek guztiak behar bezala garatzen direla bermatzeko.

Irungo Udalak azpimarratu du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jarduera-plan espezifikoak dituztela jai hauetarako, Irungo kaleetan bi polizia-kidegoen arteko koordinazio estuan eta lankidetza eraginkorrean oinarrituta, aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan gertatu zen bezala, dispositibo horrek emaitza onak lortu zituen eta. Asteburu honetan hasita, poliziaren presentzia handituko da, patruila gehiago ibiliko baitira, batik bat jende gehien ibiltzen den eremuetan.

Kale mozketak larunbatean

Hiriko kaleetan egingo diren ikuskizunek momentu puntualetan trafikoa aldatzea ekar dezakete. Datorren larunbatean Gabonetako argiak pizteko ekitaldia egingo dela eta, Udaltzaingoak jakinarazten du hiri erdiguneko kale batzuk moztuko direla.

  • San Martzial kalea: 17:30ean, zirkulazioa eten daiteke.
  • Colón pasealekua: 19:05ean, kalejira dela eta. Iganderoko ohiko mozketa izango da, eta San Juan, Eliza kalea, trukagailua, Genaro Etxeandia plaza, Colón pasealekua eta Zabaltza plaza izango dira eragindako eremuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude