‘Zinema Guztiontzat’: euskarazko zinema hiritar guztientzat urte osoan zehar dohainik

Irungo Euskara Zerbitzuak Zinema Euskaraz egitasmoa berritu eta indartu du, euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko helburuarekin: Zinema Guztiontzat. Datorren igandean, apirilaren 26an, hasiko da programa Ocine Mendibil zineman, eta aurten berrikuntza nagusi bat dakar: orain arte hilabete batzuetara mugatzen bazen ere, aurten urte osora zabalduko da, apiriletik abendura arte.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, film kopurua handitzeaz gain, areto zabalago batera (235 plaza) igaroko da eskaintza, herritar gehiagok parte hartu ahal izateko. Guztira 20 pelikula proiektatuko dira euskara hutsean, gehienak 2024, 2025 eta 2026 urteetan estreinatutakoak, eta denetariko generoak landuko dituzte, hala nola misterioa, akzioa, fikzioa, umorea eta abentura.

Haur eta gazteentzako saioak 16:00etan izango dira eta helduenak 18:00etan. Sarrerak doakoak dira eta Irungo Udal Atarian eskuratu behar dira proiekzio astean zehar, astelehenetik ostiralera, 14:00ak arte. Sarrerarik geratuko balitz, zinemako txarteldegian hartu ahalko dira filma hasi baino 30 minutu lehenago. Helduek haurrekin joan nahi badute, bakoitzak bere gonbidapena beharko du, eta pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera eskuratu ditzake film bakoitzeko.

Haur eta gazteentzako programazioa apirilaren 26an hasiko da Kayara, Inka gerraria filmarekin, eta maiatzean Tigre galdua (10ean) eta Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa (17an) ikusi ahalko dira. Ekainean, Looney Tunes, Lurrak eztanda egin zuen eguna (7an), Superheroein familia (14an) eta Baba Yaga eta sorginkerien liburua (21ean) proiektatuko dira; irailean, berriz, Izurde Mutikoa (20an) eta Sari Nagusia Ziztu Bizian (27an) izango dira ikusgai. Udazkenetik aurrera, Chirp, Honey Hillseko ikertzailea (urriak 4), Barrakundearen altxorra (urriak 25), Hartz-atzapar kanpamendua (azaroak 15), Ochiren legenda (azaroak 22), Oilaskoerbia eta Marmokaren sekretua (abenduak 13), Supercharlie (abenduak 27) eta Dragoi-jagolea (abenduak 29) filmek osatuko dute eskaintza. Helduei dagokienez, saioak honako hauek izango dira: Gaua (maiatzak 24), Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako (irailak 13), Azken erromantikoak (urriak 18), Dekoratua (azaroak 8) eta Kantauri (abenduak 20).

Zinema lasaia

Eskaintza inklusiboa izateko asmoz, “zinema lasaia” kontzeptua txertatu dute aurten, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarritasuna bermatzeko. Saio hauetan argi urdin leun bat mantenduko da aretoan, bolumena puntu erdi bat jaitsiko da eta eskailera ondoan dauden eserlekuak erabiltzea gomendatzen da. Mari Llucia Aurreratu Elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkio Irungo Udalari eta Euskara Zerbitzuari egitasmo hau martxan jartzeagatik. Elkarteko presidenteak azaldu du 30 familia inguruk osatzen dutela Aurreratu eta, zenbakiz asko ez badira ere, gizarte osoarentzako lan egiten dutela bertan: ekitatea lortzea baitute helburu. “Guztizko inklusioa lortzea zaila dela jakin badakigu, baina Irunen pixkana goaz horretarako urratsak ematen”, azaldu du Mari Lluciak.

Sarrerak doan, baina arduraz

Udalak arduraz jokatzeko deia egin die irundarrei, izan ere, sarrerak minutu gutxitan agortzen badira ere, askotan eserlekuen %20 hutsik geratzen da. Horregatik, sarrera hartu eta joan ezin dutenei euskara@irun.org helbidera idazteko eskatu die, beste norbaitek aukera hori balia dezan. Josu Iguiñizek hiritar guztiak animatu ditu euskarazko zinemaz gozatzera, “Klik euskarari!” leloarekin egitasmoari bultzada emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude