Eraiki Dantza Taldeak urteroko ikasturte amaierako dantza saio berezia eskainiko du larunbat honetan, maiatzak 23, arratsaldeko 18:30ean, Amaia Kultur Zentroan. Aurten, taldeak Irungo Euskal Jiraren egun oso baten kronika eramango du zuzenean oholtzara, ikuskizuna Irunen abuztuan ospatzen den jai honekin girotuz.
Emanaldiak egun handi horren bilakaera kontatuko du dantzaren bidez, goizeko lehen urratsetatik hasi, eguerdiko herri-bazkaritik igaro eta gaueko erromeria jendetsuarekin amaitu arte. Eraiki Dantza Taldearen emanaldi honen helburu nagusia egun horretan Irunen sortzen den giro herrikoia, ohiturak eta festa-izpiritua ikusleei bertatik bertara biziaraztea da urte amaierako emanaldiaren bitartez.
Sarrerak salgai
Ikuskizun honetaz gozatu nahi duten herritarrek eskura dituzte sarrerak 5,65 euroko prezioan. Txartelak erosteko hiru bide jarri dira aukeran: Irungo Udalaren webgune ofizialaren bidez, hiriko turismo bulegoan edota, tokirik geratuko balitz, antzokiko leihatilan bertan emanaldia hasi baino ordubete lehenago.



