“Raku” zeramika teknika japoniarrari buruzko masterclass bat egingo dute ekainaren 5ean

Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, Zeramika Udal Tailerrak (Pikoketa kalea, 9 – behea) “raku” teknikari buruzko masterclass berezi bat hartuko du datorren ekainaren 5ean, ostirala. Saioa arratsaldeko 16:00etatik 21:00etara garatuko da. Teknika antzinako tradizio japoniar batetik dator, eta bere izenak lasaitasuna, dibertsioa edo zoriontasuna esan nahi du. Gaur egun, prozesu hau ezagutu eta bizi nahi duen edonoren eskura dago.

Ikastaroan parte hartu nahi duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek datorren astelehenetik, maiatzaren 25etik, ekainaren 3ra arte (asteazkena) eman ahal izango dute izena, biak barne, udalaren webgune ofizialaren bidez. Prezioari dagokionez, helduek 28,25 euro ordaindu beharko dute eta 18 urtetik beherako gazteek, berriz, 23 euro. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, antolakuntzak 617 47 90 21 telefono zenbakia jarri du herritarren eskura.

“Raku” teknika

Raku” teknika labe berezi batean tenperatura baxuan (1.000 gradu zentigradu inguru) egindako erreketan datza. Esmalteak behin urtu ondoren, pieza gori-goriak labetik atera eta material organikoz betetako edukiontzi batera pasatzen dira zuzenean, atmosfera murriztaile bat sortzeko. Esperientzia praktiko honetan parte hartzen duten ikasleei “chawan” bat (tearentzako ontzi bat) emango zaie klasearen hasieran, eta bakoitzak bere gustuko esmalteekin apaindu ahal izango du piezari azken ukitua emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude