UdaTXAO! jaialdiak uda agurtuko du irailaren 21ean Sarjia parkean

Sergio Javier Irungo Udaleko Gazteriako ordezkariak prentsaurreko bat eskaini du gaur goizean, datorren irailaren 21ean egingo den «UdaTXAO! Art, Music & Chill» jaialdia aurkezteko. Sarjiako parkeko agertokian, askotariko proposamenak eskainiko dira, besteak beste, arte eszenikoak, tailerrak, dantza, musika eta zirkua.

Jaialdia egitea proposamen bozkatuenetako bat izan zen aurtengo aurrekontu parte-hartzaileetan, gazteenei zuzendutako kultur jarduerak indartzea eskatzen baita maiz.

Ordezkariaren hitzetan, «hirian izan dugun uda zoragarriari agur esateko amaiera bikain bat izango da. Kasu honetan, gainera, erantzuna ematen diogu irundarrek gehien bozkatutako eskaeretako bati, eta Gazteria arloan beti egiten dugun moduan, hau da, gazteentzako programaziorik onena egiten saiatuta».

Programatutako jardueren artean, Chocolates de Irunen bonboiak izango ditugu tailerretan, eta Marrubik eztabaida dibertigarri bat proposatuko du: zein dira hobeak, lehengo gozokiak edo oraingoak?

18:00 – 19:30 eta 19:30 – 21:00 | DJ saioa: Lilibat Sound

Musika-proiektu hau osatzen duten Irungo hiru emakume gazteek reggae eta musika jamaikarrarekiko sentitzen duten pasioa partekatuko dute, eta plaza lehen minututik girotuko dute.

18:00 eta 19:30 – 21:00 | Zeramika-tailerra

Zeramikaren hasi-masiak ikasteko tailer honetan nork bere eskuekin artea sortzeko aukera deskubrituko dute parte-hartzaileek. Ordu eta erdiko bi saio eskainiko dira, eta hasiberrientzako teknika erraz bat erakutsiko zaie parte-hartzaileei: atximurraren teknika, hain zuzen ere. Pieza amaituta, hainbat koloretako engobeekin apaindu ahalko dute, beren sormena askatuta eta estilo pertsonal bat bilatuta.

Tailerraren arduraduna zeramikan eta argazkigintzan 15 urtetik gorako esperientzia duen Laura Miner izango da.

Izena eman behar da aldez aurretik GazteARTEan-eko webgunean. Lekurik geratzen bada, bertaratzen direnek ere izango dute izena emateko aukera, jarduera hasi aurretik.

18:00 eta 19:30 – 21:00 | Pintura-tailerra: Art & Wine

Artea eta txokolatea uztartzen dituen pintura-tailer honetan zentzumenak zorroztuko ditugu, koloreekin eta zaporeekin esperimentatuko baitugu aldi berean. Van Goghen Gau izartsua koadroaren erreplika bat osatu dute parte-hartzaileek. Sormen-prozesu honetan, pintzelaren trazuen bidez nola margotu daitekeen irudikatuko dugu, urratsez urrats, bulkada bakoitzaren indarra eta samurtasuna ulertuta. Gainera, askotariko sentsazioa pizteko, txokolatea jango dute parte-hartzaileek, eta ahoari utziko diote agintea prozesuak iraun bitartean.

Tailerra GKo Galleryko Garikoitz Muruak kudeatuko du, eta Chocolates Irunen parte-hartzea izango du.

Izena eman behar da aldez aurretik GazteARTEan-eko webgunean. Lekurik geratzen bada, bertaratzen direnek ere izango dute izena emateko aukera, jarduera hasi aurretik.

19:45 – 20:10 | Dantza garaikidea

2HOTZ Kolektiboak bere lehen produkzioa eskainiko du. Proiektu koreografiko bat da, eta bi audio eta AEREA taldearen bi kantu uztartuko ditu: «Nebula» eta «Ágrabah». Kolektiboaren izenak iradokitzen duen moduan, proposamena bihotzaren taupadetan oinarritzen da, haietan islatzen baita bizitzaren joana, non guztion dugun gure ametsak egia bihurtzen saiatzeko helburua, bide horrek hondarretan ibiltzearen antza izan dezakeela jakinik ere, hau da, inoiz guztiz erraza edo erosoa izan ez arren.

Estebe Abrisketa irundarrak eta Efrén Colomer palentziarrak eskainiko dute ikuskizuna.

20:15 – 20:50 | Zirkua

Lander Brionesek zuzendutako HAZIA 35 minutuko iraupeneko pilula bat da. ZirKuSSen Sustrai ikuskizunean du jatorria, eta zirkua, dantza eta arte plastikoak uztartzen ditu.

ZirKuSS proiektua 2022an sortu zen Donostian eta zirkua, dantza eta antzerkia uztartzen ditu. Herritarren parte-hartzea sustatzen du eta sormen-prozesua ikusarazten, gure lurraldean zirku garaikideak duen presentzia handitzeko eta irtenbide profesionalak emateko artistei eta kulturaren arloko zenbait azpisektoreri.

21:00 – 22:30 | Kontzertua

Kilimak talde hernaniarrak rumba doinuak ekarriko ditu, euskarazko hitzekin eta erritmo sutsu dantzagarriekin. Kontzertu kitzikagarriak eskaintzen dituzte, aukera ederra rumbaren estiloan hankak eta besoak astintzeko eta barrenak hustu arte kantatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude