Herri atletismoaren inguruko festa antolatu du Super Amara BATek

San Silvestre eguna dela eta, lasterketak antolatzen dituzte abenduaren 31n herri askotan. Urtea ariketa fisikoa eginez bukatzeko, aukera aproposa.Bidasoan, esate baterako, bost urte dira Sport Mundi fundazioak Hondarribiko San Silvestre proba sortu zuela. Ideia antzekoarekin, eta harekin senidetuta, Gabonetako Krosa antolatu du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Abenduaren 20an egingo dute, Santo Tomas bezperan.

gabonetakoKrossa

5 km-ko proba laburra izango da Gabonetako Krosa. Luis Marianon egongo dira irteera eta helmuga, eta ibilbideak hiriaren erdigunea, San Migel eta Dunboa auzoak zeharkatuko ditu. “Lasterketa motza eta eramangarria da. Ez dago helmugarik, ez eta denbora mugarik ere. Edonork egin dezake”, azaldu du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak. Helduen lasterketa arra-tsaldeko 16:45ean abiatuko da. Proba nagusia irten baino ordubete lehenago, haurrek ere korrika egiteko aukera izango dute. Hamahiru urte artekoentzako lasterketak egingo dituzte. Gurasoek lagunduta parte hartu ahal izango dute txikienek, nahi izanez gero.
Lasterketen inguruan, beste hainbat jarduera prestatu ditu Super Amara BATek. Atletismo proba hutsa baino gehiago, “festa” antolatu nahi izan dutela onartu du Muñozek. Luis Marianoko tabernen babesari esker, pintxo-potea izango da arra-tsalde osoan. Gainera, DJ-a egongo da Luis Marianon, kalea girotzeko asmoz. Irungo Argazkilaritza Elkartearekin ere akordioa lortu du BATek. Ondorioz, lasterketaren inguruko argazki lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Festa borobiltzeko, Peugeot 208 Like auto bat zozkatuko du antolakuntzak, Luis Marianon bertan. “Korrika egin nahi ez duenak ere hurbiltzeko nahikoa arrazoi izango du”, azpimarratu du Muñozek.

gabonetakoKrossa2
Elkartasun keinua
Hondarribiko San Silvestre lasterketarekin lehian aritu beharrean, lotura estua sortu nahi izan du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Hori dela eta, izena ematen duen korrikalari bakoi-tzeko, euro bana emango dio BATek Sport Mundi fundazioari. San Silvestrea antolatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundeak helburu solidarioak dituen elkarte bat diruz laguntzen du urtero, lasterketak sortutako etekinen bidez. Aurten Behar Bidasoa elkarteari emango diote babesa Hondarribiko San Silvestreak eta Irungo Gabonetako Krosak. Lasterketen arteko lotura finkatzeko, bietan parte hartzen duten korrikalarien artean sari bereziak zozkatuko dituzte.
Bi aitabitxi izango ditu lasterketa berriak. 2. zenbakia daraman dortsalarekin izango da irteera-lerroan Ander Elosegi. Proposamen erakargarria iruditu zaio piraguista olinpikoari: “Nik uste korrikalarien artean harrena ona izango duela, lasterketaz gain Irunen giro polita sortuko duelako”. 1. zenbakiarekin, Iñigo Lavado sukaldaria irtengo da. Super Amara BATeko entrenamendu talde batekin korrika dabil azken aldian. “Aurkikuntza handia izan da kluba niretzat. Giro polita daukate, eta ekimen berriak dituzte beti esku artean”, azaldu du sukaldariak. Momentu atsegina bizi du Bidasoa Atletiko Taldeak, Joseba Sarriegi kide beteranoak azaldu duen bezala: “Kluba martxan jarri genuenean, gure ametsik onenetan ere ez genuen pentsatu atletismoak horrelako egoera goxoa bizi izango zuela Bidasoa bailaran”. Lasterketa, kopuruaren aldetik behin-tzat, goraka ari da etengabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude