ETORRI BERRIAK

Doinua: Ilun ikarak

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1

Munduan inork ez du hautatzen
sorlekuaren patua
batzuk zorte on beste batzuk txar
zoriak hala hautua
gerra zitalak irauli zigun
infernua sorlekua
Nola liteke bilakatzea
sorlekua infernua?

 

 2

Jaio nintzela negar batean
toki lohi eta itsusi
dena txikitu hondakin gorri
dena hondatu, erauzi
harriak, hautsa, hondamendia
besterik ezin ikusi
izugarria, hildako asko
eta gosea nagusi

 

3

Gerra piztu zen gure etxean
haiek ziren une latzak
lehertu zen dena, suntsitu dena
mendiak eta harkaitzak
izuak itsu alde eginda
salbatu nahian bizitzak
Bestela ez du uzten sekula
jaiolekua zuhaitzak

 

4

Oinez ikasi, ezin jolastu
lanean hasi segidan
mehazulotan sartzen gintuzten
milaka ume iladan
zuloan sartzen oihuka eta
garrasika despedidan
Hamaika urte nituen, ama
besoetan hil zitzaidan

 

5

Amarik gabe, babesik gabe
bizi grina ia galdu
maite gaituen inor ezean
ez dakigu nor garen gu
indar izpi bat barru-barrutik
bihotz-minak atera du
alde egin nuen baina tamalez
hartu ninduten soldadu

 

6

Ni bezalako milaka ume
hil ala bizi tenore
izugarriak egin nituen
gaitzak daraman adore
hainbeste odol eta oinaze
hilko baninduten hobe
gehiago ezin berriro ihes
egin nintzen desertore

 

7

Zentzu gabeko gerra latzetan
kausa gabeko gudari
dena galdu dut ez daukat ezer
ez daukat inor gidari
ihes betean helduko diot
bizitzaren borrokari
noraezean iparraldera
basamortuan errari

 

8

Itsasertzera iritsi ginen
agur Afrika betiko
esan digute beste aldean
dugula denetariko
Europa hartan gerra ez dela
ez nauela inork hilko
hemen hilzori jarraitu baino
hobe itsasoan ito

 

9

Lehengusu txiki Parisen daukat
joan behar dut haraino
txanela lepo beteta dago
zenbat min zenbat engaino
lurrera aldeko haizea dugu
gau ilun itsaso laino
Andaluzian sartu ta handik
Frantziako mugaraino

 

10

Autobusean iritsi gara
orain gaude aterpean
arropa, jana, Lakaxitako
giro onean, bakean
euskaraz gozo mintzatzen dira
haiek elkarren artean
eta jakin dut zer esan nahi den
ongietorri entzutean

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude