ARITZ SODUPE, Bidasoako harrobiaren arduraduna: “Sei-zortzi urte barru ikusiko ditugu orain hasitako lanaren etekinak”

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Bidasoa eta Bera Bera elkarteek. Oinarriko kirolean elkarlanean aritzeko akordioa da. Bera Berak Irunen nesken eskubaloia sustatzeko laguntza emango dio Bidasoari, eta beste hainbeste egingo du Artalekuko elkarteak Donostiako mutilen eskubaloiarekin. Hitzarmenak bi elkarteentzat ekar ditzakeen onuren berri eman du Aritz Sodupe Bidasoako harrobiaren arduradunak.SONY DSC
Zergatik erabaki duzue hitzarmena sinatzea?

Bi elkarteentzat positiboa den akordioa delako. Bera Bera erreferentea da emakumezkoen eskubaloian, eta Bidasoa gizonezkoenean. Baina haiek mutilekin hasi dira lanean, eta gu neskekin. Elkarri laguntza emango diogu, ditugun gabeziak estaltzeko, eta azken finean, bi elkarteen kirol proiektuak sendotzeko.

Zein ibilbide izan du Bidasoaren nesken sekzioak, eta nola eragingo dio akordioak?

Duela lau urte hasi ginen nesken eskubaloia lantzen. Pixkanaka handituz joan gara, nesken kopuruari dagokionez, alde batetik. Talde batekin hasi ginen, eta bost ditugu orain. Bestetik, mailan ere gora egin dugu. Neska batzuk Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan ditugu jada, eta infantil mailako taldea Gipuzkoako finalean dago. Gero zuloa dugu, junior eta senior mailetan. Pena da neska horiek aurrera egiteko aukerarik ez edukitzea. Hori da, hain zuzen ere, proiektu honen helburu nagusia. Ea noizbait Bera Berarekin Lehen Mailan edo Europako lehian ibiltzen diren Artalekun hazitako neskak.

Formazio eskubideei uko egin diegu”
Zeintzuk dira akordioaren puntu nagusiak?

Batetik, formazio eskubideei uko egin diegu. Hortaz, Bera Berak eta Bidasoak ez diote elkarri eskubide horiei dagokien diru kopurua ordaindu beharko, nabarmentzen diren kirolariak trukatzeko. Bestalde, Bera Berak laguntza emango digu neskak formatzen, eta guk beste hainbeste egingo dugu Donostialdeko mutilekin. Hori bai, elkarte bakoitzak bere egitura mantenduko du. Kadete mailatik aurrera entrenamendu batzuetan jokalariak elkar trukatu ahal izango ditugu. Eta jubenil mailatik aurrera, lehiatzeko ere bai.

Zein izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte hartzea hitzarmenean?

Bi kluben arteko akordioa da. Gipuzkoako Foru Aldundira gerturatu ginen gure akordioa aurkezteko, eta begi onez ikusi zuten. Onarpena eman zigutela esan daiteke. Gipuzkoako eskubaloian liderrak diren bi elkarteen artean harreman ona dagoela ikusi zuten. Gipuzkoarentzat akordio positiboa dela uste dut.

Eskola Kirola programa aldatu nahi dugu Donostialdean”
Donostiako biztanleen kopurua kontuan hartuta, etorkizuneko jokalari onak lortzeko aukera izan daiteke Bidasoarentzat.

Jakina. Kopurua askoz handiagoa da, eta estatistika hutsagatik ez bada ere, interesgarria da. Dena den, sustapen lan handia egin behar da Donostian. Bera Berak neskak erakartzeko ahalmena du, baina mutil gehienek ez dute eskubaloiarekiko interesik. Hor sartu behar dugu guk. Eskola Kirola programa aldatu nahi dugu Donostialdean, eskubaloia sustatzeko. Irunen hitzarmenak ditugu eskola guztiekin, eta han ere hori lortu nahi dugu. Irizpide berdinei eutsita, emaitza interesgarriak lor ditzakegula uste dut.

Mutilen eskubaloia lantzen hasi da Bera Bera?

Nesken eskubaloi taldea izan da Bera Bera urtetan, erreferentea, gainera. Mutiletan, Donostian Egia elkartea dago, eta Loiolako La Sallen ere eskubaloia lantzen dute adibidez. Baina gizonezkoen elkarte profesionalik ez zegoen. Azken urteotan, Bera Beraren eskubaloi eskolan mutilak hartzen hasi dira. Pixkanaka ari dira lanean.

Bidasoaren lehen taldean ikusiko ditugu Bera Beran hazitako mutilak?

Denbora luzea beharko dugu horretarako. Sei-zortzi urte barru ikusiko ditugu orain hasitako lanaren etekinak. Bide onean egindako urratsa da, edonola ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude