Bizikletako kuadrilla

Hiru belaunaldi biltzen dituen zikloturista taldea da IrungoTX

Hamar-hamabi laguneko taldetxoan ibiltzen dira errepidean. Kolore beltza, zuria eta gorria daramatzate maillotean. Ez dute elkarte bat osatzen, baina harro daramate IrungTX (Irungo Txirrindulariak) izena bularrean. Larunbat goizetan gelditzen dira Pausuko farmazian, eta gutxitan huts egiten dute. Zikloturista askok udaberrira arte itxaroten dute, sugandilak bezala, eguzkiarekin batera ateratzeko. IrungoTXekoek elurrarekin ere hartu izan dute bizikleta.Lieja

Irungo bi kuadrillaren ekimena izan zen, hasieran. 2007an elkartzen hasi ziren, astean behin bizikletan ibiltzeko. “Elkarteetan izena eman beharrean, gure zaletasuna konpartitzeko kuadrilla handi bat osatu genuen”, adierazi du Igor Martiarenak. Lehen irteera haietan parte hartu zuen taldekideetako bat da. Ia hamar urte beranduago, larunbatero bizikletan ibiltzera ateratzen jarraitzen du. Berarenaren ondotik, beste hiru belaunaldi sartu direla azaldu du Martiarenak: “Hiru belaunaldi markatu daude. Berrogei urte inguruan gabiltzanok osatzen duguna, hogeita hamar urte ingurukoena, eta hogeita gutxiko fitxaketa berriena”.

Taldean sartu izan den jende guztia ezaguna dela azpimarratu du Jon Ikardok: “Senideak, lagunak edo lagunen lagunak izan dira. Armiarma sare handi baten modukoa da”. Horrela mantendu dute kuadrilla handiaren izaera. IrungoTX-ekin ateratzen hasteko baldintza berezirik ez dago. Taldekide berriak argi eduki behar duen ideia bat azpimarratu du, dena den, Martiarenak: “Gurekin atera nahi duenak ezin du pentsatu entrenamendu edo erritmo jakin batzuk beteko dituenik. Batera ateratzen gara, eta batera amaitzen dugu”. Guztira hogeita bost lagun inguruko taldea osatzen dute, baina noizean behin egiten dituzten afarietan besterik ez dira denak biltzen. “Batzuk Irundik kanpo bizi dira orain, edo seme-alabak izan dituzte eta gutxiago ibiltzen dira bizikletan”, argitu du taldeko beteranoak. 14-15eko multzoan atera izan dira, gehienez.

Ia taldea martxan jarri bezain pronto, Irungo Txirrindulariak izena jarri zioten, beste herrietan ibiltzen zirenean, haien jatorria azpimarratzeko. IrungoTX laburdura erabiltzen dute gaur egun. Bi urteren ondoren, lehen maillotak egin zituzten. Ekipazio osoa beranduago, 2012an. Hasieran, blog bat erabili zuten hitzorduak jartzeko, eta ibilbideak adosteko. Gaur egun, whatsapp aplikazioak ordezkatu du bloga, eta komunikazioa ikaragarri arindu da.

Aldaketa handiak izan dira hamar urtean

Ibilbideak adosteko ez dute arazo handirik izaten. Iparraldera joateko ohitura handia dute, garai batean behintzat, lasaiagoa baitzen. Gaur egun, ordea, arrazoi horrek zentzua galdu duela uste dute. “Iparraldeko errepideetan errespetu handiagoa izaten zuten gidariek txirrindulariekiko. Baina hori aldatzen ari da”, baieztatu du Igor Martiarenak. Aitor Belokik berretsi ditu taldekidearen hitzak: “Azken aldian, ateratzen naizen bakoitzean izaten dut eztabaida gidariren batekin”. Hamar urteko epean gora egin du trafikoak, eta behera txirrindulariarekiko errespetuak. Gero eta gehiago entzuten dira txirrindularien istripuen inguruko berriak. Jon Ikardok onartu du “beldurra” hartu diola errepideari.

Zikloturista asko ikusten dira profesionalen bizikletekin”
Aitor Beloki
“Beti egongo da 500 euroko bizikletarekin eta zilarrezko paperean bildutako bokadiloarekin aterako dena”
Jon Ikardo

Bestalde, zikloturismoa bera ere aldatu egin da. Hasteko, bizikletek eta gainerako materialak bilakaera handia izan dutelako. Zikloturista askok ere, materiala berritu nahi izaten dute etengabe. Ikardok onartu du gustatzen zaiola azken belaunaldiko materiala eskuratzea. Azpimarratu du, hala ere, denetarik dagoela zikloturisten artean: “Badago jendea bizikleta bat erosi eta zeharo hondatu arte ez duena aldatuko”. Beste muturrean ere badaude adibideak, jakina. “Zikloturista asko ikusten dira profesionalen bizikletekin”, nabarmendu du Belokik.

Materiala bezala, gaur egun zikloturistak eskura ditu biomekanikoen, nutrizionisten, entrenatzaile pertsonalen eta beste zenbait profesionalen zerbitzuak ere. Eta gero eta gehiago baliatzen dituzte. “Posturarekin arazoak baldin badituzu, adibidez, gomendagarria da biomekanikoarenera joatea. Ni ez naiz damutzen”, argitu du Belokik. Ikardok uste du zerbitzu horiek zikloturistaren esku egotea positiboa dela. Nahi izanez gero, behintzat, aukera baliatu ahal izateko. “Gero beti egongo da 500 euroko bizikletarekin eta zilarrezko paperean bildutako tortilla bokadiloarekin ateratzen dena. Nik berdin errespetatzen dut”, erantsi du.

Proba zikloturisten loraldia

Martxa eta proba zikloturistak ere egiten dituzte IrungoTXeko kideek. Talde txikietan batzuetan, handiagoetan besteetan. Urrutira joan izan dira, Europako klasiko handien ibilbide berdinean egiten diren proba zikloturistetara, esate baterako. Joan den urtean Liège-Bastogne-Liège klasikoa egin zuten, eta aurten Amstel Gold Racen izango dira. Flandriako Tourrean gertatu zitzaion taldekideetako bati IrungoTXen izan den bitxikeria xelebreenetako bat. “Atzeko bi gurpil eraman zituen, konturatu gabe. Ostatuko jabeak utzi behar izan zigun aurreko gurpil bat”, kontatu du lekuko izan zen Arkaitz Bereziartuak.

Gero eta proba zikloturista gehiago antolatzen ari dira azken aldian, eta negozio puntu bat ere ikusten diote boladari. Prezioen gorakada azpimarratu du Jon Ikardok: “Proba berri bat sortzen da, marka handi baten babesarekin, marketing kanpaina handi bat egiten du, eta 60 euroan jar dezake izen-ematea. Jendeak ordainduko du”. Lasterketak ez diren arren, parte hartzaile batzuk markekin eta postuekin itsutzen dira. IrungoTXeko kideek ere jarri izan dituzte halako helburuak, Quebrantahuesos famaturako, batez ere. Orain, beste proba batzuetan gozatzera irteten direla baieztatu dute. “Bi modu horietan disfruta daiteke. Proba batera joan eta marka bat egiteko helburuarekin. Eta taldean, lasai ederrean hartuta ere bai”, adierazi du Aitor Belokik.

Lehia bai, kafea ere bai

IrungoTXen irteeretan izaten dira taldekideen arteko lehia biziak. Maldan gora, adibidez, edo marrarik ez dagoen arren, denek ezagutzen dituzten sprint-erako zuzenetan. Baina gero elkarri itxaroten diote, berriro taldea osatu arte. Norbaitek gurpila zulatzen duenean, berdin. Beste talde batzuetan ez bezala, sekula aurpegi txarrik izaten ez dela nabarmendu du Ikardok: “Hobby gisa hartzen baldin baduzu, lehentasuna da etxera irribarre batekin ailegatzea. Ez egin duzun denborarekin kezkatuta”. Entrenamendu bakoitzean, gainera, kafea edo hamaiketakoa hartzeko etena egiten dute. Zikloturismoaren ezinbesteko osagaia dela berretsi dute denek, irribarrez.

Taldearen beste ezaugarrietako bat da oso euskalduna dela. Idatzi gabeko estatutuetan dagoela aipatu du Ikardok. Txantxak alde batera utzita, taldekide gehien-gehienek haien artean euskaraz egiten dutela azaldu du Igor Martiarenak: “Whatsapp taldeko elkarrizketen hari nagusia euskaraz izaten da beti”. Taldean duten giro atsegina dela eta ibiltzen dira bizikletan. Arrazoi gehiago ere badituzte, jakina. Lekuak ezagutzeko ematen duen aukera azpimarratu du Arkaitz Bereziartuak: “Kontran duzu 3-4 ordu behar dituzula gutxienez. Baina leku ederrak ezagutzen dituzu”. Kirol entretenigarria dela iruditzen zaio Jon Ikardori, eta ezaugarri erakargarriak dituela: adrenalina, teknika, eta oreka, adibidez. Igor Martiarenak erantzun sendoa eman dio galderari: “Bizikletan ibiltzen naiz, kirolik politena delako”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude