Udaltzaingoak 4.210 trafiko-isun jartzea proposatu zuen 2022an

Udaltzaingoak 2022ko jarduera-memoriari buruzko datuak azaltzen jarraitu du. Ostegun honetan, Cristina Labordak trafiko eta bide-segurtasuneko unitatearen lanaren berri eman du: «gure eguneroko laneko ildo nagusietako bat da. Unitate horren esku daude trafiko-arauen kontroletik hasi eta bide-segurtasunarekin lotutako istripuen prebentzioraino doazen eskumenak, eta askotariko ekitaldi ugari gainbegiratzeaz arduratzen dira, hala nola 2022ko Espainiako Itzuliaren etapa-hasiera. Beti irundarren zerbitzura, unitate horren lana ezinbestekoa da hiriak behar bezala funtzionatzeko».

Unitatearen funtzio nagusien artean dago arauak betetzen direla zaintzea, arau-hausteak kontrolatzea eta, beharrezkoa denean, ibilgailuak bide publikotik erretiratzea. Gainera, zirkulazioa kontrolatzen eta arautzen dute eremu berezietan, hala nola ikastetxeen sarbideetan.

Ildo horretan, Udaltzaingoak modu batean edo bestean 4.210 trafiko-isun jartzea proposatu zuen (aurreko urtean 3.184 izan ziren). Isun gehienak gaizki aparkatzeagatik jarri ziren, autoak espaloietan, plazetan edo oinezkoen guneeetan uzteagatik, esate baterako. Beste ohiko arrazoi bat onartutakoa baino alkoholemia-tasa handiagoarekin gidatzea izan da.

Nabarmentzekoak dira udaltzainek patinete elektrikoekin lotuta egindako esku-hartzeak, oinezkoen segurtasuna hobetzera bideratutakoak. 39 isun jarri dira patinetean behar ez bezala ibiltzeagatik, aurreko urtean baino % 62,5 gehiago. Bestalde, isun gutxiago jarri zitzaizkien txirrindulariei debekatutako eremuetan bizikletan ibiltzeagatik: 2021eko 20 isunetatik 17ra pasatu zen.

Eskoletan, ekitaldietan, eremuak balizatzen…

Adierazi den moduan, bide publikoa kontrolatzeko lanek osatzen dute Udaltzaingoaren funtsezko beste egiteko bat. 2022an, horrelako 950 jarduketa egin dira. Gehienak, 570 kontrol, eremuak balizatzeko izan dira, eta gainerakoak, beste 380, ekitaldiengatik. Atal horretako beste bloke bat, bereiz zenbatutakoa, ikastetxeen sarrera-irteeretako arautzea eta trafikoaren kontrola da. 2022an, horrelako 309 jarduketa egin ziren.

Unitate horretako agenteak arduratzen dira trafiko-istripuetan laguntza emateaz, eta zirkulazio-atestatua egiten dute, beharrezkoa bada. Horrez gain, atal horretan sartzen da Eusko Jaurlaritzaren trafiko-sailak ezarritako kanpainak egiten laguntzea, esate baterako: segurtasun-uhalaren erabilera, mugikorren erabilera kontrolatzea, beharrezko dokumentazioa eramatea, argiak egoera onean egotea, etab. Aipatzekoa da, halaber, Udaltzaingoak zirkulazio-beharrak kudeatzeko egiten duen lana, ekitaldiak egin daitezkeela bermatzeko. 2022ko garrantzitsuena Espainiako Itzuliaren 5. etaparen hasiera izan zen, Irundik abiatu baitzen.

Memorian jasota daude, halaber, Udaltzaingoak erregistratutako istripuak. Guztizko kopuruak gora egin du apur bat, 2021eko 180etatik iazko 219etara igo baita. Arrazoi ohikoena zirkulazio-arauak urratzea izan da eta, segidan, gidariak arreta galtzea. Harrapatzeek, ordea, behera egin dute: 2022an horrelako 16 istripu izan ziren, eta 2021ean, 19.

Bide-segurtasuna

Azkenik, bide-segurtasunari buruzko zerbitzua dugu. Gazteek bide-segurtasunaren alorrean dituzten prestakuntza-beharrei erantzuteko egiten dute lan. Iaz eskaini ziren prestakuntza-saioetan Irungo 15 ikastetxetako 3.442 ikaslek parte hartu zuten.

Haurrekin batera, bide-segurtasunaren alorreko kolektibo zaurgarritzat hartzen dira adinekoak ere. Horren aurrean, bide-segurtasuneko zerbitzuak adin-talde horretara bideratutako ekimen batzuk ere antolatzen ditu. Zehazki, 2022an Belaskoenea eta Behobiako zentroetan topaketa bana antolatu zen, udaltzainekin kotxeek harrapatutako oinezkoen istripuen prebentzioa lantzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude