Itzulera obra eskainiko da Amaia KZn azaroaren 2an

Igande honetan, azaroaren 2an, Amaia KZn Itzulera obra eskainiko da. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da euskarazko obra. Interesa dutenek Udalaren  webgunean eros ditzakete sarrerak, edo Amaia KZko txarteldegian bertan, ordubete lehenagotik, sarrerarik geratzen bada. Sarrerek 8,50 euro balio dute.

Dejabu konpainiaren eskutik, Itzulera autofikziozko obra bat da, «road movie» egitura dauka eta umorezko saioa da. Konpainiako kideek −Ainara, Urko eta Miren− Mexikora egindako bidaia deskribatzen dute, abentura eta desbentura eta guzti.

Itzuleraren sinopsia

Ainara, Urko eta Miren antzerki-konpainia bateko hiru kide dira, eta bizitza eta sormeneko krisi betean murgilduta daude. Hirurek bidaia bat egin dute Mexikora, diasporan beren bizitza berregin zuten euskaldunak elkarrizketatzera, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntza bati esker.

Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea, eta ikusleak abentura zoro batera eramango ditu, eta bertan ez dira faltako auto jazarpenak, bidaia haluzinogenoak edo bizitza zailduko dien chihuahua bat. Gidoia autofikzio formatuan idatzia da, eta askotariko gaiak jorratzen ditu, hala nola nortasuna eta gizakion zentzugabetasun erremediorik gabea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude