Izaro Andresen unibertsoak ez du etenik eta begirada 2027an jarri du jada. Berriki David Broncanok aurkezten duen “La Revuelta” telebistan saioan iragarri denez, artista bizkaitarrak Ficoba aukeratu du bere disko berria aurkezteko biraren lehen data garrantzitsua ospatzeko. Urtarrilaren 23an izango da hitzordua, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, “kontzertu bat baino askoz gehiago” izango den ekitaldi bitxia prestatu dute egun horretarako.
2026ko abenduan kaleratuko da “Arkitektura”, Izaroren disko berria. Hain zuzen ere, gaur kaleratu da aro berri honen aurkezpen bideoa.
Emanaldiaren gakoak eta sarrerak
Ekitaldi hau mugarri bat izango da Izaroren karreran, disko berriaren eszenaratzea lehen aldiz ikusteko aukera emango baitu. Kontzertua 2027ko urtarrilaren 23an izango da Ficoban, Irunen. Disko berriaren aurkezpen ofiziala eta biraren hasiera izango da. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Ficobara sartzeko ateak arratsaldeko 16:00etan irekiko dira eta kontzertua 19:30ean hasiko da.
Kontzertuaz gain, ekintza osagarriak ere antolatuko dira: tailerrak, hitzaldiak eta erakusketa. Zehazki, arkitektura, arte eta jantzi tailerrak egingo dira. Artistaren webgunean aurreratu dutenez, arkitektura-tailerretan egingo den maketak esku-hartze zuzena izango du gero biran. Era berean, jantzi-tailerretan sortuko diren jantzietako batzuk biran erabiliko dira gero eta arte-tailerretan eraikiko da geroago biran erabiliko den eszenografiaren zati bat.



