Janus Lester Irunera itzuliko da ostiral honetan

Ostiral honetan, hilak 26, Janus Lester, Irunen izango da berriro Irun Zuzenean zikloaren barruan kontzertua eskaintzeko. 21:00etan hasiko da kontzertua, Irun Zuzenean aretoan, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Artista beratarra Irun Zuzenean jaialdiaren barnean jardungo da, Isora musikari bikotearekin batera.

Irailaren 11n, Geltoki topaketa programaren barruko lehenengo gonbidatua izan zen Janus Lester. Aste honetan, berriz, Irun Zuzenean zikloaren barruan joko du, Isora duoarekin batera: Ainhoa Pérez Echepare eta Álvaro Rey de Viñas dira taldekideak, eta askotariko estiloak konbinatuz (flamenkoa, folklorea, elektronika…) soinuarekin esperimentatzea da haien ezaugarri nagusia.

Kontzertura joan nahi dutenek Amaia KZren webgunean eros ditzakete sarrerak, edo aurrez aurre, CBAko txarteldegian bertan, betiere sarrerarik geratzen bada, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik.

Irun Zuzenean Festibala

Irun Zuzenean Festibala Irun Rock festibaletik sortu zen. Bidaso aldeko musika munduko hitzordurik aipagarrienetako bat izan zen Irun Rock, eta oso kartel nabarmengarriak proposatu zituen, ibilbide luzea egin duten artista eta taldeak eta artista eta talde emergenteak elkartuta eta betiere parekidetasuna errespetatuta.

Edizio honetan, Irun Zuzenean festibalaren formatuak norabide berri bat hartu du, eta izen handiko artista eta taldeak (Bebe, Ariel Rot, etab.), beste talde ezagun batzuk (Belako, Los Punsetes, Tulsa…) eta bertako talentua elkartu ditu (Onavibe, Slimfit, Santalla…).

Horrela, kontzertu eskaintza horri esker, Irun erreferentzia da berriro ere lurraldeko zuzeneko musikaren esparruan.

Emanaldiak ondoz ondoko lau asteburutan dira, irailaren 19, 20 eta 26an eta urriaren 3, 4 eta 11n, 21:00etan, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan, Irun Zuzenean izeneko aretoan hain zuzen, salbu eta azkena, zeina San Juan plazan izango den, doan.

Hona hemen Irun Zuzenean Festibalaren 2025eko edizioko egitarau osoa:

  • Irailaren 19an, ONAVIBE (KM 0) + BELAKO
  • Irailaren 20an, SLIMFIT (KM 0) + LOS PUNSETES
  • Irailaren 26an, ISORA (KM 0) + JANUS LESTER
  • Urriaren 3an, SANTALLA (KM 0) + TULSA
  • Urriaren 4an, BLUEHAT (KM 0) + ARIEL ROT
  • Urriaren 11n, AYSHA (KM 0) + BEBE

Irun Zuzenean aretoa

Zuzeneko musikaren aldeko apustua CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroaren ardatzetako bat da, eta, ildo horretatik, bada areto eszeniko berri bat, Irun Zuzenean izenekoa hain zuzen ere, hiriak auditorium moldakor bat izateko, askotariko diziplina artistikoetako proposamenak eskaintzen dituena eta nolanahiko publikoekin konektatzeko askotariko programazioa antolatzeko erabil daitekeena.

Kontzertuak, ikus-entzunezko instalazioak, dantza ikuskizunak… Aretoaren konfigurazioari esker, askotariko proposamenetara egokitu daiteke: zutikako 350 pertsona kabitzen ditu, eta, agertoki klasikoa muntatzen denean, eseritako 157, eta, besaulki mugikorren bidezko sistemari esker, agertokia erdian jarri ere egin daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude