Txinzerrek bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azoka egingo du Bioterran

Txingudiko Zerbitzuak bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azoka egingo du Bioterraren barnean. Azoka ekainaren 6tik 8ra egingo da Ficoban. Azokan bizikletan saldu nahi dutenek, hainbat bide izango dituzte: online erregistroa egitea, aurrez aurre edo azokan bertan.

Azokak urtero bezala, jasangarritasuna izango du ardatz; produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua jarriko dira erdigunean. Bigarren eskuko bizikleten salmentarekin berrerabilpena, mugikortasun iraunkorra eta ekonomia zirkularra sustatu nahi du Txinzerrek.

Bizikleten bilketa

Bizikleta-bilketa dagoeneko martxan da, eta azoka hasi arte luzatuko da. Helburua merkatuaren kudeaketa erraztea eta ekitaldiaren lehen egunetik erosleei aukera zabala bermatzea da.

“Etxe askotan daude egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten bizikletak. Merka2dasoa aukera paregabea da bizikleta horiei guztiei bigarren erabilera bat emateko eta garraio-eredu jasangarriago bat sustatzeko”, azaldu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.

Parte hartzeko moduak

Bizikleta saldu nahi duten herritarrek hiru bide dituzte parte hartzeko:

  1. Online erregistroa, txinzer.eus webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez. Behin izena emanda, bizikleta Ficoban entregatu beharko da ekainaren 2, 3, 4, 5 edo 6an, 9:00etatik 14:00etara.
  2. Aurrez aurreko erregistroa. Egun eta ordutegi berean Ficoban bertan egin daiteke erregistroa, bizikleta entregatzeko unean.
  3. Azokak irauten duen bitartean, ekainaren 6tik 8ra, bizikletak entregatu eta erregistratzeko aukera izango da Ficoban.

Baldintzak

Bizikleta bertan sartu ahal izateko, Txinzerrek hainbat baldintza ezarri ditu: Bizikletak onartuko dira soilik, ez da onartuko patinete elektrikorik edo osagarririk eta gehieneko salmenta-prezioa 500 €-koa izango da.

Merka2dasoa Bioterra 2025 azoka-programaren parte da. Azokak doako sarrera izango du, eta urtero bezala kontsumo arduratsuarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako ekimenen topagune bihurtuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude