Irungo Udaleko Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloak hiriko usoen populazioari buruzko 2026ko azterlana aurkeztu du, hegazti espezie horren bilakaera neurtzeko eta hiri-kudeaketako neurriak bideratzeko. Ikerketa SEO/BirdLife erakundeak egin du, 2015eko erroldan erabilitako metodologia berbera baliatuta. Guztira 268,64 hektareako eremua aztertu da udalerrian, 50 metroko erradioa duten 67 behaketa-estazioren bidez, martxotik ekainera bitartean egindako 12 lan-jardunalditan.
Txostenaren emaitza nagusiek agerian utzi dute, oro har, usoen presentziak behera egin duela Irunen: 2015ean hektareako 7,32 txori zenbatetsi baziren, 2026an 5,24 hegaztira jaitsi da kopurua (hektareako bi hegazti gutxiago erregistratu dira). Hala ere, bilakaera ez da berdina izan eremu guztietan, eta puntu batzuek arreta berezia beharko dute. Hazkunderik handiena San Migel auzoan hauteman da, non dentsitatea hektareako 6,61etik 25,04ra igaro baita. Era berean, igoerak erregistratu dira Dunboan (3,49tik 9,23ra), Artia/Arbesen (1,77tik 5,66ra) eta Azken Portun (0,58tik 4,29ra). Aitzitik, kopurua nabarmen jaitsi da Erdialdean (4,71tik 0,91ra), Pinudin (25,18tik 11,61era) eta Santiagon (11,89tik 2,91ra).
Usoei jaten ez emateko deia
Datu horiek eskuan, Udalak herritarrei gogorarazi die oso garrantzitsua dela usoei bide publikoan jaten ez ematea. Askotan asmo onez egiten den jardunbidea izan arren, hegaztien berezko portaera aldatzen du eta gizakiek emandako elikagaiekiko menpekotasuna sortzen du. Horrez gain, lurrean geratzen diren janari-hondakinek zaborra pilatzea eragiten dute, beste animalia batzuk erakartzen dituzte eta izurriak zabaltzeko arriskua areagotzen dute.
Ikerketa eta sentsibilizazio-mezu hauek animalien ongizateari buruzko ordenantza berriaren barruan kokatzen dira. Araudi horren bidez, Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloak espazio publikoen garbitasuna eta ingurumen-oreka babestu nahi ditu, eta gogorarazi du debekatuta dagoela animaliei kalean jaten ematea edota txakurrak solte eramatea, animalien ongizatea zein herritarren arteko bizikidetza bermatze aldera.



