Martxan da animalien ongizaterako ordenantza herritarrei kaleetan gogorarazteko kanpaina

Irungo Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako Arloko ordezkari Iñigo Bergések prentsaurreko batean jakinarazi duenez, informazio kanpaina bat jarri da martxan hiriko kaleetan, Udaltzaingoko laguntzaileen bidez, herritarrei animalien ongizaterako ordenantzaren puntu nagusien berri emateko. Udalbatzak maiatzeko ohiko bilkuran onartutako araudiak xedatzen dituen betebeharrak ezagutarazten ari dira Udaltzaingoko laguntzaileak

Oraingoz, laguntzaileok auzoetan barrena dabiltza, Udalaren baimenik izan gabe bide publikoan animaliak (katuak, usoak, ahateak…) elikatzeko debekuari buruz zuzenean informatzen, eta, aurrerago, beste kanpaina batzuen barruan, ordenantzaren beste betebehar nagusietako batzuk landuko dituzte, hala nola maskotak kontrolatuta eta lotuta eramatea, gorozkiak jasotzea eta gernua garbitzea, txakur eta katuak mikrotxip bide identifikatzea eta, gainpopulaziorik ez izateko, maskotak antzutzea.

Ordezkariak nabarmendu duenez, “Udaltzaingoko laguntzaileen pedagogia lana funtsezkoa da bermatzeko araudi berria ez dadin bihur paper erre, baizik eta herritarrek argi eta garbi barnera dezaten eta bizikidetza hobetu dezan”.

Animalien babesa eta ongizatea helburu

Kanpaina hau Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako Arloa azken hilabeteetan Irunen animalien babes eta ongizatea areagotzeko hartzen ari den neurrien barruan dago:

  • Animalien ongizaterako udal ordenantza berria. Udalbatzak maiatzean egindako ohiko bilkuran onartu zen, aho batez, 1994tik indarrean zegoen araudiaren ordez. Testua aitzindaria da Euskadin, eta animalien nahitaezko identifikazioa arautzen du, katu koloniak kudeatzeko legezko esparru bat ezartzen, eta tratu txarren eta abandonuaren aurkako borroka eta arauak urratzen dituztenen kontrako zigor araubidea gogortzen.
  • Kontratu estrategikoak
  • Albaitaritza klinikekiko esparru akordio bat, kolonietako katuak harrapatu, antzutu eta jatorrizko koloniara itzultzeko metodoa aplikatzeko, populazioen jasangarritasuna kontrolatzearren eta animaliak osasuntsu daudela ziurtatzearren.
  • Animalia abandonatu edo galduak jaso eta hartzeko zerbitzu integral bat, bide publikoan aurkitzen direnei arreta emateko eta adoptatzeko modukoak direnak luzaroan hartzeko zerbitzuak barne, animalia bat ere ez dadin gelditu babes gabe eta abandonuaren kontra adopzioa susta dadin.
  • Katu kolonien babesa. Udalak kolonien elikadura jorratu nahi du, katuak elikatzen dituzten elkarte eta partikularrekin akordioak sinatuta, betiere bere gainbegiradapean.
  • Usoen kontrola. Herritarrek partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan aurkeztutako ekimen baten barruan, usoen populazioa kontrolatzeko programa berri bat prestatzen ari da Udala, eta, ildo horretatik, haien errolda eguneratuko du –azken errolda 2015ekoa da–, espezialistekin eta gai honetan esperientzia duten hiriekin elkarlanean.

Neurri horiek guztiak hartuta, Irungo Udalak animalien ongizatea bermatzeko eredu integral batean aurrera doa, gaia araututa, zerbitzuetan inbertituta, hiriko entitateekin elkarlanean jardunda eta herritarrak zuzenean informatuta, eta, esparru horretan, Udaltzaingoko laguntzaileen kanpaina oinarrizkoa da, herritarrei nobedadeak ezagutaraziko baitizkie eta bizikidetza eta animalien ongizatea hobetuko baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude